Síguenos en redes sociales:

Arnasetik bideo-sormen lehiaketa abian da eta lanak aurkezteko epea urriaren 31ra arte dago zabalik

Arnasetik bideo-sormen lehiaketa abian da eta lanak aurkezteko epea urriaren 31ra arte dago zabalikUtzitakoa

Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideo-sormen lehiaketa antolatu du aurten ere, euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoeta pizteko, eta lanak aurkezteko epea urriaren 31ra arte dago zabalik, UEMAko iturriek jakinarazi dutenez.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da Arnasa Gara, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea du helburu, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmenduz. Iaz 260 lan jaso zituen lehiaketak, eta 4.200 bozkatik gora publikoaren sariak.

Euskararen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleak jasotzen dituzten ikastetxeetako ikasleek hartu dezakete parte lehiaketan, banaka edo taldeka. Haien egitekoa euskarari lotutako istorioak kontatzea izango da bi minutuko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkari erantzunez.

Aurreko urteetan bezala, Arnasetik lehiaketa hiru kategoriatan banatu da aurten ere, adinaren arabera, eta kategoria bakoitzean erronka zehatz bati erantzuna emateko bideoak aurkeztu beharko dituzte gazteek.

GURASOAK

Horrela, LHko 5. eta 6. mailetako ikasleek gurasoek eta aitona-amonek herrian esaten zituzten esamoldeak bilatu eta gaur egungo baliokideak aurkitu edo asmatu beharko dituzte.

DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak arnasgune batean bizitzeko casting edo hautaproba batera aurkeztuko dira, eta ia dena euskaraz egin daitekeen herri batean bizitzeko arrazoi nagusiak azaldu beharko dituzte. DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleek, aldiz, pentsatu beharko dute beraien herria utzi behar izanez gero zeren falta sumatuko luketeen.

Kategoria bakoitzeko irabazleak 500 euroko bonua jasoko du

Kategoria bakoitzeko irabazleak 500 euroko bonua jasoko du, eta kopuru bera jasoko du publikoaren sarian gailentzen denak ere (IrisarriLand-en, Durangoko Azokan, 'Goazen!' eta 'Irabazi arte!' telesailen EITBren 'merchandising'-ean, Gure Zirkuan eta abarretane rabiltzeko bonuak izango dira).

Gazteek beraien sormen lanak urriaren 31ra bidaltzeko aukera izango dute eta publikoak azaroaren 5etik 15era izango du epea bozka emateko www.arnasagara.eus webgunean.

Arnasetik lehiaketaren sari banaketa ekitaldia Leitzako (Nafarroa) Herri Aretoan izango da, azaroaren 27an, eta kategoria bakoitzeko irabazleen lanak proiektatu eta sariak banatuko dira bertan.