Dantzerti arte dramatiko eta antzerki eskolak hamargarren ikasturteari ekin dio
Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak 2025-2026ko ikasturtea jarri du martxan ostiral honetan Bilboko Campos Eliseos antzokian egindako inaugurazio ekitaldiarekin. Ikastegiak hamargarren urteurrena ospatuko du eta 2026ko maiatzaren hasieran Bilbon egingo den ESADFEST Espainiako Arte Dramatikoko Goi Mailako Eskolen topaketa antolatuko du.
Iñaki Orbe Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Bizkaiko ordezkariak eskola zoriondu du irekiera ekitaldian, eta azpimarratu du Dantzerti "erreferentziazko" zentroa dela estatu mailan eta "gero eta emaitza hobeak" lortzen dituela, kalitate handiko arte eszenikoetako profesionalak prestatzen baititu.
Era berean, nabarmendu du Dantzertiren proiektuari eta lidergo pedagogikoari esker penintsula iparraldeko goi mailako dantza kontserbatorio bakarra dela, eta horrek "erreferente" bihurtzen duela.
Ildo horretan, esan du ikastegiaren aurtengo erronkak dantza graduko eskaintza garatzea, espezialitateak zabaltzea eta nazioartekotzea sustatzea izango direla.
Dantzertik euskal gizarteari egiten dion ekarpena ere goraipatu du Hezkuntza Saileko ordezkariak, adierazpen artistikoen bidez gizartearen aniztasuna islatzen duelako eta horrek euskal hezkuntza sisteman eragina duelako.
KONTZIENTZIA
Jaurlaritzaren ustez, Dantzertik artearen kontzientzia sortzen lagundu behar du, eta gizarteari helarazi behar dio, "aniztasunarekiko errespetua, ekitatea eta aukera berdintasuna" bezalako balioak sendotzeko.
Ikasturte berria aurkeztu ondoren, SGAEk antolatutako mahai ingurua egin da Ideiak Proiektu Bihurtzen ekitaldiaren baitan, Fernando Bernues zuzendariaren, Aitziber Garmendia aktorearen eta Itxaso Larrinaga SGAE Fundazioaren XIII. Idazketa Tailerrean parte hartzeko aukeratutako sortzailearenm parte hartzearekin.