Gasteizko Udaleko Mantentze Zerbitzuak lanak egin ditu udako hilabeteetan udal eraikin eta instalazioetan, ikastetxe, kiroldegi eta beste zentro publiko batzuetan jarduera gutxiago izaten dela aprobetxatuz. Zehazkiago, 53 lan egin dira, bi milioi eurotik gora inbertituta.
Margotze lanak, lurzoruak berritzea, fatxadak konpontzea, iragazgaizteak, aldagelak eta komunak eraberritzea eta iragazketen ondoriozko konponketa lanak egin dira, besteak beste. Lan gehienak amaituta daude dagoeneko, eta batzuk, berriz, gauzatze fasean, Izaskun Reyes Mantentze arloko zinegotziak esan duenez.
Gainera, kudeaketa energetikoko esku hartzeetan aurrera egin ahal izan da uda garaian, hilabeteotan aktibo ez dauden instalazioetan lanak egin ahal izan baitituzte, berogailu sistemetan bereziki. Horri dagokionez, 70 udal zentrotan jardun da eta klimatizazioko 214 ekipo berritu dira (galdarak, espantsio ontziak, plaken trukagailuak eta ur bero sanitarioko andelak).
Era berean, hobekuntzak egin dira areto teknikoetan: ihes txikiak kendu dira, isolamenduak hobetu dira eta pintura lanak egin dituzte. Guztira, 85 instalazio saneatu dira.
"Gure udal eraikinak egoera ezin hobean egon daitezen Mantentze Zerbitzuak egiten duen ahalegin handia" azpimarratu nahi izan du Reyesek. "Uda intentsitate handiko garaia da, eta zentroetako jarduera txikiagoa izatea aprobetxatzen da urteko beste sasoi batzuetan bideraezinak liratekeen jarduerak egiteko", gaineratu du.
Ikastetxeen, kirol zentroen eta udal bulegoen erabilera baldintzak hobetzeaz gain, esku hartzeek energia kudeaketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa egiten ere laguntzen dutela azaldu du, eta horrek onura ekonomikoak eta ingurumenekoak ekarriko dizkiola hiriari.