Nagusiki gaztelania darabilten hedabideetan eta Internet bidez albisteak euskaraz ere ematen dituzten berri agentzietan euskararen erabilera areagotzeko 2025eko diru laguntzen deialdia onetsi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseilua, eta guztira milioi bat euro erabiliko du.
Zehazkiago, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 900.000 euro bideratuko dira eguneroko prentsan eta egunkarietan euskararen presentzia areagotzeko. Atal honen baitan, alde batetik, nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako egunkariak diruz laguntzeko 450.000 euro erabiliko dira; egunkariek astean gutxienez hamar orrialde argitaratu beharko dituzte euskaraz, sail desberdinetan modu orekatu baten banatuta.
Beste alde batetik, nagusiki gaztelania darabilten paperean inprimatutako egunkarien edizio digitalak diruz laguntzera ere 450.000 euro bideratuko dira; edizio digitaletan egunero gutxienez sei albiste berri argitaratu beharko dira euskaraz eta denak izan beharko dira irekiak, hau da, harpidetzarik gabekoak.
Orobat, 50.000 euroko aurrekontu saila erabiliko da Internet bidez albisteak euskaraz ere ematen dituzten berri agentziak diruz laguntzeko. Diru laguntza jaso ahal izateko, gutxienez, egunero 12 albiste berri euskaraz zabaldu beharko dituzte, besteak beste.
Gainera, osorik euskaraz emititzen ez duten uhin bidezko irratietan euskara sustatzera 50.000 euro bideratuko dira. Diru laguntza jasotzeko emisio orduetatik %85 euskaraz izan behar da, zuzenekoa, eta euskarazko emisio orduak, astean, 25 ordu izan beharko dira gutxienez.
Interesa duten hedabideek hilabeteko epea izango dute eskaerak aurkezteko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik. Diruz lagundu daitekeen proiektua edo jarduera 2025. urtean garatu beharko da, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.