2024ko urtarrilaren 1eko datan, Euskal AEn bizi diren eta Espainiatik kanpo jaio diren pertsonek bertako biztanleek baino jarduera-tasa handiagoak dituzte, Eustatek landutako datuen arabera. Bestalde, langabezia-tasa ere handiagoa da atzerrian jaiotako biztanleen artean, eta alde handiak daude haien jatorrizko herrialdeak alderatuta. Langabezia-tasarik handiena Afrikan jaiotakoen artean dago (% 32,2), ondoren datoz Asian eta Ozeanian jaiotakoak (% 12,5) eta Europako gainerako herrialdeetan jaiotakoak (% 12,2). Espainian jaiotakoek dute langabezia-tasarik txikiena (% 6), eta hauen atzetik Amerikan jaiotakoak daude (% 8,6).

Sexuaren araberako aldeak nabarmentzekoak dira; eta alde horiek, bereziki, jaioterriaren arabera handiagoak dira. Afrikan jaiotako emakumeen kasua da deigarriena: emakumeen langabezia-tasa % 52,3koa da, jatorri bereko gizonena % 21,5ekoa den bitartean. Asiako eta Ozeaniako jatorria dutenen artean ere alde handia dago (emakumeen % 20,0 eta gizonen % 7,7).

2021etik 2024ra bitartean, oro har, langabezia-tasek hobera egin dute talde guztietan, jaioterriaren arabera; beherakadarik handiena Amerikan jaiotako pertsonen artean gertatu da, 2021ean % 16,5 izatetik 2024an % 8,6 izatera igaro baitira.

Halaber, Espainian jaiotako herritarren tasak jaitsi egin dira (% 9,8tik % 6,0ra), baita Europako gainerako herrialdeetan jaiotakoenak ere (% 17,68tik % 12,15era). Afrikan jaiotakoek dute langabezia-tasarik handiena (% 32,3), hartutako erreferentzia-aldian ia ehuneko zortzi puntu jaitsi den arren. Kolektibo horren barruan, genero-arrakala ez da aldatu 2021az geroztik. Horrela, 2021etik 2024ra gizonezkoen langabezia-tasak behera egin duen bitartean, emakumezkoenak % 52,3koa izaten jarraitu du bi urteen artean. Gauza bera gertatzen da Asian eta Ozeanian jaiotakoen kasuan. Amerikan jaiotako biztanleen artean, berriz, emakumeen langabezia-tasa ehuneko sei puntu baino gehiago jaitsi da, % 16,7tik % 10,3ra pasatuz.