Errobi rock taldeak bere ibilbidea bukatzeko kontzertu berezi bat eskainiko du Donostiako Victoria Eugenia antzokian datorren abenduaren 30ean. Sarrerak asteazkenean jarriko dira salgai, uztailaren 30ean.

Mauka Musikagintzatik jakinarazi dutenez, ekitaldiak "omenaldi hunkigarria" egingo dio Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk sortutako taldearen ibilbide oparoari, entzuleekin azken aldiz elkartuz oholtza gainean.

Taldeak bere katalogoko une esanguratsuenak errepasatuko ditu emanaldian, hasierako urteetatik 1980ko hamarkadako diskoetara. "Hitz eta doinuz jositako ibilbide aberats baten isla izango da gaua, eta aukera paregabea taldearen historia eta ekarpena gogora ekartzeko", adierazi dute.

EUSKARAZKO ROCKAREN LEHEN HARRIA

Errobik euskarazko rockaren lehen harria jarri zuen 1970eko hamarkadan. Euskal tradizioaren melodiari atxikiz, atzerritik heldutako doinu berrien harmoniak bereganatu zituen, Euskal Herriaren arazo kulturalaz eta politikoaz arduratutako hitzekin lagunduta, eta arrasto sakona utzi duten zenbait disko laga ditu ondare gisa.

Anje Duhalde (ahotsa, gitarra), Mixel Ducau (ahotsa, gitarra, saxoa), Remy Gachis (gitarra), Iñigo Telletxea (baxua) eta Txomin Duhalde (bateria) izango dira oholtza gainean 19:00etan hasiko den azken kontzerturako.

Sarrerak asteazkenean jarriko dira salgai, uztailaren 30ean, https://www.donostiakultura.eus/eu/agenda/errobi web orrian eta Victoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, ondorioztatu dute bertatik prentsa-ohar baten bitartez.