Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria New Yorken izango da uztailaren 17an, NBE Nazio Batuen Erakundeko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak antolatu duen Garapen Jasangarriari buruzko Goi Mailako Foro Politikoan parte hartzeko, eta atunaren arrantzaren jardunbide egokiak sustatuko ditu bertan.

Jaurlaritzatik jakinarazi duenez, foroaren gai nagusia da 'Zientzian eta ebidentzian oinarritutako irtenbide jasangarri eta inklusiboetarantz aurrera egitea Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarako eta Garapen Jasangarrirako Helburuetarako', eta 'Itsaspeko bizitza eta arrantzaren jasangarritasunarekin duen lotura' da sakontasunez berrikusiko den Garapen Jasangarrirako Helburuetako bat (14.a).

SAIOAK

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Eusko Jaurlaritzatik azpimarratu duten bezala, foroaren saioez gain, ekitaldi paraleloak, Borondatezko Berrikuspen Nazionalak, ekitaldi bereziak eta erakusketak ere egingo dira. New Yorkeko Cervantes Institutuan egingo den NBEren topaketan Euskadiko eta Hawaiko hub-ek parte hartuko dute, itsasoari eta arrantzari buruzko 2030 Agendaren eredu gisa. Orain dela aste batzuk, bi herrialdeek Nizako lan jardunaldietan parte hartu zuten.

Foroaren saioez gain, ekitaldi paraleloak, Borondatezko Berrikuspen Nazionalak, ekitaldi bereziak eta erakusketak ere egingo dira

Bada, uztailaren 16an, arrantzaleen zaindariaren egunean, Soroak atunaren balio kateko eragileen arteko 'Itsasotik platerera' mahai inguruan parte hartuko du, produktuaren balio gastronomikoa eta Euskadiko alturako flotak jasangarritasunean dituen jardunbide egokiak sustatzeko.