Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Mª Jose Sanz, Aran Garcia-Lekue eta Amaia Arruabarrena ikertzaileak aintzatsi ditu asteazken honetan, orain arte egin dituzten ikerketa ibilbideengatik.
Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu eta Ikerbasqueko lehendakaria izan da Bilbon egindako ekitaldiaren buru. Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa eta Euskadiko unibertsitate eta ikerketa zentroen arduradunak ere izan dira ekitaldian.
Euskadiko emakume ikertzaileak eta haien lana ikusaraztea da Innobasqueren aitorpenen helburua, emakume ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen. Hartara, ibilbide zientifiko osoa, ikerketa esparru bateko lidergoa eta ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmena aitortu dira.
Modu honetan, Mª Jose Sanz BC3-Basque Centre for Climate Change zentroko zuzendari zientifikoak 'Advanced' ikerketa karrera osoaren aitorpena jaso du.
Aintzatespenen ekimena Ikerbasqueren Berdintasun eta Aniztasun Planari atxikita antolatu da, gizarte mailan berdintasunaren eta aniztasunaren erreferente izatea baita planaren erronka
Aran Garcia Lekue DIPC-Donostia International Physics Center zentroan lan egiten duen Ikerbasqueko Research Professor kategoriako ikertzaileak, berriz, 'Consolidator' dagokion ikerketa eremuan liderra izan den emakume ikertzaile baten aintzatespena eskuratu du.
BESTE DATU BATZUK
Hirugarrenik, Amaia Arruabarrena Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU) atxikitako Ikerbasqueko eta Ramón y Cajal-eko ikertzaileari 'Starting' emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmenaren aitorpena eman diote.
Ikerbasquek ekoizpen zientifikoko datuen azterketa bibliometrikoa egin du aitortutako hiru emakume ikertzaileen hautaketan, Euskadiko ikertzaileen azken ekarpen nabarmenak gogoan hartuz.
Ebaluazio batzordeak hiru mailetan hautatutako 17 emakume ikertzaileren zerrenda hartu du oinarritzat eztabaidarako, eta hiru kategorietako emakume ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmendu du, "Euskadin emakume ikertzaileek egindako zientziaren potentzial handiaren isla", batzordearen esanetan.
Aintzatespenen ekimena Ikerbasqueren Berdintasun eta Aniztasun Planari atxikita antolatu da, gizarte mailan berdintasunaren eta aniztasunaren erreferente izatea baita planaren erronka, eta horretarako, emakume ikertzaileen artean urtero aintzatespenak banatzea aurreikusi du, beste hainbat ekintzaren artean.