BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia nazioarteko jaialdiaren Mendi Tour ziklo ibiltariak mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiei buruzko puntako filmak eskaini ditu 32 herri edo hiritan 2025eko lehen seihilekoan eta 11.000 ikusle bildu ditu, iazko urte sasoi honetan baino %13 gehiago.
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko aurreko edizioko ikusle kopurua %34 hazi zen 2023ko aldiarekin alderatuta, eta bide horri jarraipena ematen ari zaio aurtengo Mendi Tour, antolatzaileek nabarmendu dutenez.
Gipuzkoan (18 saio), Bizkaian (13) eta Nafarroan (11) izan dira saio gehien, baina Araban (7), Kantabrian (1), Asturiasen (1), Galizian (4), Gaztela eta Leonen (7), Valentzian (1) eta Katalunian (3) ere egin dira.
Ikastetxeei zuzendutako saioak ere antolatu dira Galiziako Vigon eta Kataluniako Vielhan, eta bietan "erantzun aktiboa eta aberatsa" eman dute ikusle gazteek. Mendi Tour katalogoan oinarrituta, film laburrez osatutako saio dinamikoak eskaini zaizkie, gaien aniztasuna eta balore transmisioa lehenetsiz.
Gipuzkoan (18 saio), Bizkaian (13) eta Nafarroan (11) izan dira saio gehien, baina Araban (7)
Mendi Tour eskaintzak "erakarri eta asebete egin du ikuslea". 2024ko abenduko Mendi Film jaialdian estreinatu edo parte hartu zuten 21 filmeko katalogoa du, tartean jaialdian saritu dituzten hainbat lan. Programazioak tokiko antolatzaileekin batera adosten dira, katalogo horretan oinarrituta.
IRAILEAN
Irailean jarriko da berriro martxan Mendi Tour, udazkeneko denboraldiari ekiteko, eta abenduan ospatuko den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 18. edizio hasi bitarte egingo da.