Jaurlaritzak 50 milioi banatuko ditu datozen lau urteetan unibertsitateetako ikerketa taldeentzako diru laguntzetan
Deialdiak 4.000tik gora ikertzaileren lana indartzeko balioko du
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa taldeentzako diru laguntzen deialdi berria egin du, eta denera 50 milioi euro banatuko ditu datozen lau urteetan, aurreko deialdian baino %20 inguru gehiago (orduan 42 milioi euroko deialdia egin zen). Deialdiak lau urtean 400 milioi euroko eragin ekonomikoa izango duela aurreikusi dute.
Hala jakinarazi dute astelehen honetan Bilbon egindako agerraldian Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak, Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak eta Amaia Esquisabel Zientzia Politikarako zuzendariak.
Zehazki, deialdiak 4.000tik gora ikertzaileren lana indartzeko balioko du, eta euskal unibertsitate sistema "sendo, berritzaile eta nazioartean lehiakorra bultzatzeko tresna" bihurtu da jada.
Deialdiak ezagutzaren arlo guztietako proiektuak finantzatuko ditu -zientzia esperimentalak, gizarte zientziak, arteak eta humanitateak, ingeniaritza, arkitektura eta osasun zientziak-, euskal unibertsitateen ikerketa lanari laguntza estrategikoa eta egonkorra eskainiz.
Gaur egun, 223 ikerketa talde finantzatzen dira, eta, funtsak handiuz, 250 taldera iristea aurreikusi dute, proiektu finkatuen jarraitutasuna zein kalitate handiko ekimen berriak sartzea erraztuz. Arreta berezia jarriko da proiektuen koherentzian eta ikertzaile taldeen profilean, eta bikaintasuna lehenetsiko da merezimenduen bolumenaren gainetik.
Halaber, deialdian genero oreka handiagoa bilatuko da, eta, bereziki, proiektuen buru diren emakume ikertzaileen lidergoa bultzatuko da. Era berean, gizartean ezagutza zabaltzeari garrantzia emango zaio ebaluazio irizpide gisa, eta dibulgazio zientifikoa egiteak duen balioa aitortuko da.
Temas
Más en Actualidad
-
Miles de personas llenan Bilbao de ikurriñas y gritos de “independentzia”
-
Trump amenaza a Musk con "consecuencias muy graves" si respalda a candidatos demócratas
-
Canadá señala que las prioridades de la Cumbre del G7 serán paz, seguridad y economía
-
Jaurlaritzak 1,8 milioi euro banatuko ditu lurralde proiektu turistikoak babesteko