Getxo Jazz Getxoko (Bizkaia) nazioarteko jazz jaialdiaren 48. aldia uztailaren 2tik 6ra bitartean ospatuko da, eta Rhoda Scott organista eta abeslaria, Paquito D'Rivera klarinete eta saxofoi jotzailea, Joe Lovano saxofoi jotzailea, Cecile McLorin abeslaria eta Dave Douglas tronpetista bilduko ditu Muxikebarrin izango diren ordainpeko saioen egitarauan.

Horiez gain, jaialdiaren aurkezpenean azaldu dutenez, Talde Lehiaketako banda gazteen emanaldiak eta kaleko doako programazio zabala izango dira Algortako Geltokia plazan eta, lehen aldiz, Muxikebarri parean eta Areetako hiri ingurunean ere. Ordainpeko kontzertuetarako sarrerak eta abonamenduak salgai daude jada Getxo Kulturako ohiko bideetan.

Kontzertu nagusien egitaraua Rhoda Scott organista eta abeslari beteranoak zabalduko du uztailaren 2an, oraingoan Lady Quartet taldearen buru. Biharamunean, Paquito D'Rivera arituko da, musika afrokubatarraren funtsezko figura eta 14 Grammy sari irabazlea, boskote baten buru.

Uztailaren 4an Cecile McLorinen txanda izango da. Jazzaldiaren panoraman azken urteotan sortu den ahotsik nabarmenetakoa da, eta ibilbide oparoa izan du, bigarren diskoarekin Grammy bat lortuz.

Joe Lovano saxofoi jotzailea bigarren aldiz izango da Getxon, eta uztailaren 5ean joko du, Martin Wacilewski Trio Europako eszenan arrakasta nabarmenak lortu dituen poloniar talde gaztearekin lankidetzan.

Azkenik, uztailaren 6an, sonoritate berrien bilaketan beti aitzindaria izan den Dave Douglas tronpeta jotzaile estatubatuarrak itxiko du jaialdia bere laukote berriaren buruan.

Eneko Dieguez Quartet euskal taldea, E.L.A. Trio hungariarra, IMB Special 4tet herbeheretarra eta Cesar Vidal & Artikulation Band nazioarteko boskotea izango dira lehian

Kontzertu nagusien aurretik, 21:00etan, Talde Lehiaketako lau finalistak arituko dira Muxikebarriko agertokian, Europako lau talde gazte, proposamen anitza eskainiko dutenak.

Eneko Dieguez Quartet euskal taldea, E.L.A. Trio hungariarra, IMB Special 4tet herbeheretarra eta Cesar Vidal & Artikulation Band nazioarteko boskotea izango dira lehian.

Ohi bezala, lehiaketaren irabazlea jaialdiaren azken egunean jakinaraziko da, eta berriz joko du jaialdia ixteko kontzertuaren aurretik.