Euskal Akuarelisten Elkartearen 80. urteurreneko erakusketa izango da ikusgai Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare aretoan, Bilbon, abuztuaren 30era bitartean, '80 urte, 80 akuarela: argi eta ur bidaia' izenburupean. Erakusketak omenaldia da urmargoen tradizioari eta ikuspegi globaleko etorkizuna proiektatu nahi du.
Foru erakundetik jakinarazi dutenez, akuarelen arte eremuan izandako bilakaera eta indarraldia islatzen dituzten 80 artelan hautatu dira: Euskal Akuarelisten Elkarteko artisten 39 akuarela, mundu mailako ospea duten nazioarteko artisten 22 akuarela, eta Espainiako akuarelaren aberasgarri diren artisten 19 lan. Euskal artelanen artean, badira zuzenean gonbidatutako artista ospetsuen zazpi artelan, eta lehiaketa bidez hautatutako beste 32,
"80 akuareletan barrena, erakusketa aukera ona da akuarelaren artea adierazpide gorenean esploratzeko. Aurkeztutako artelanek, teknika ez ezik, egile bakoitzaren emozioak, paisaiak eta ikuspegi pertsonalak ere jartzen dituzte agerian. Autore horiek ura eta pigmentuak une galkor eta argitsu bilakatu dituzte", azaldu dute.
Nabarmendu dute '80 urte, 80 akuarela' erakusketa "ospakizuna baino askoz gehiago" dela. "Gonbidapen argi bat da koloretan eta gardenetan bidaia dezagun, eta gune bat tradizioak eta berrikuntzak bat egin dezaten eta akuarelaren ederrak bizirik eta indarrez iraun dezan, duela zortzi hamarkadako intentsitate bereko oihartzunarekin", esan dute.
Euskal Akuarelisten Elkartea 1945ean sortu zen eta funtsezko erreferentea izaten jarraitzen du akuarela Euskadin zein harago sustatu eta garatzeko, diziplina artistiko horren sustatzaile gisa sendotuz.