Jose Antonio Lozano matematikari eta irakasleak jasoko du 2024. urteko Euskadi Ikerkuntza Saria, adimen artifizialaren eta datu zientziaren alorrean egin dituen ekarpen nabarmenengatik.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Konputazio Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedraduna eta Matematika Aplikatuko Euskal Zentroko (BCAM) zuzendari zientifikoa da Lozano, eta zientzia eta teknologiaren arloan ospe handia duten bost kidek osatutako epaimahaiak aho batez erabaki du sariari bera ematea. Euskadi Ikerkuntza Sariaren 30. aldia da.

Epaimahaiaren erabakia jakin bezain laster, Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak sarituari berari jakinarazi dio.

Jaurlaritzak urtero ematen du Ikerkuntzako Euskadi Saria. Urte bikoitietan, 2024an bezala, saria Zientzia eta Teknologiaren arloan deitzen da, eta urte bakoitietan, berriz, Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana saritzen da.

Jarduera zientifikoa sustatzea da helburua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileen eta talde kualifikatuen ahaleginak bultzatzea, sustatzea eta balioestea, horien lanak eragin positiboa izan badu Euskadin.

Bada, 2024ko sarituari dagokionez, Jose Antonio Lozano Alonso irakaslea (Barakaldo, Bizkaia, 1968) Konputazioaren Zientziako eta Adimen Artifizialeko katedraduna da EHUn, eta ekarpen nabarmenak egin ditu adimen artifizialaren eta datu zientziaren arloan.

Bere lan zientifiko bikainaz gain, ikasketa automatikoaren esparruan eta, bereziki, optimizazio konbinatorioan eta adimen artifizialean egindako ekarpen garrantzitsuak nabarmendu ditu epaimahaiak, gaurkotasun eta eragin handiko arloak baitira hainbat diziplina zientifiko eta sozialetan.

Euskadin erreferentea den eta nazioartean proiekzio handia duen sistema adimendunei buruzko ikerketa talde entzutetsu bat sortu du.

Era berean, epaimahaiak oso positibotzat jo du Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) erakundearen zuzendaritzan egindako lana, baliabideak lortzeko izan duen arrakasta eta ezagutza transferitzeko jarduera.