Euskotren sozietate publikoak tren zerbitzu berezia eskainiko du datorren astelehenean, apirilaren 21ean, Eibarrek eta Malagak 20:30ean Ipuruan jokatuko duten futbol partida dela eta.
Euskotreneko iturriek jakinarazi dutenez, tren zerbitzua partidaren ondoren indartuko da, aurretiko joan-etorri beharrak ohiko tren zerbitzuekin beteko baitira.
Horrela, partidaren ondoren bi tren berezi aterako dira Ardantzatik Durangora eta Elgoibarrera, 22:50ean. Zerbitzu berezien helburua da Ipuruara joateko eta handik itzultzeko garraio publikoaren aukera bermatzea.
Informazio gehiago behar duten erabiltzaileek eskuragarri dituzte Euskotrenen 944 333 333 telefonoa, geltokiak, geralekuak, www.euskotren.eus webgunea eta app ofiziala.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen ETS Euskal Trenbide Sareak eten egin du Aste Santuan Derioko eta Lezamako geltokien arteko Euskotrenen zerbitzua, Txorierriko lineako Zamudioko geltokian trenbide azpiegitura hobetzeko lanak direla eta.
ALTERNATIBA GISA
Alternatiba gisa, ETSk autobus zerbitzua antolatuko du bi geltokien artean, eta Lekunbizen, Zamudion eta Kurtzean ere gelditu da, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
Lanak ostegunetik igandera egin dira, apirilaren 17tik 20ra, biak barne, Zamudioko geltokiaren eremuan. Egun dagoen balasto gaineko trenbide gainegituraren ordez, plaka gaineko gainegitura jarri da, finkapen zuzenarekin, eta, horri esker, trenbidearen geometriak ez du aldaketarik jasan nasaren eremuan.