Nantesko Festival du Cinema Espagnol (FCEN) zinemaldiaren baitan egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloak 17 euskal ekoizpen eskainiko ditu ostiral honetatik martxoaren 29ra bitartean egingo den 34. edizioan.
Etxepare Euskal Institutuak Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin sustatzen duen Fenêtre Basque saila Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio sendoenetakoa da, eta urteko euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du urtero.
Bada, Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez, 17 euskal ekoizpen izango dira Nantesen ostiral honetatik martxoaren 29ra egingo den zinema jaialdian. Horietatik, bederatzi film luze eta Kimuak 2024 programako zazpi film labur Fenêtre Basque zikloan proiektatuko dira.
Euskal zinemari propio eskainitako zikloa osatzen duten euskal ekoizpenez gain, euskal zinemak "presentzia nabarmena" izango du FCENen 34. edizioan: bi film luze sail ofizialean lehiatuko dira eta euskal zinema beste sail batzutan ere izango da.
Hain zuzen, sail ofizialean lehiatuko dira 'Marco' (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta 'Azken Erromantikoak' (David Perez Sañudo). 'Marco' filmak hainbat sari irabazi zituen Veneziako Mostrako iragan edizioan; 'Azken Erromantikoak', berriz, euskarazko jatorrizko bertsioan proiektatuko da Nantesen, eta Donostia Zinemaldian ere ikusi ahal izan zen.
Dokumental onenaren saria eskuratzeko lehian beste bi euskal ekoizpen daude: 'Los Williams' (Raul de la Fuente) eta 'Chaplin, espíritu gitano' (Carmen Chaplin). Izaera desberdina duten bi istorio dakartzate filmek: bi anaia futbolariren istorioa, batetik, eta zinemako jenio batena, bestetik.