Etxepare Euskal Institutuak Ça colle au basque ekimena jarri du martxan datozen lau urteetarako, euskal kultura garaikidearen proiekzioa 321 milioi laguneko komunitate frankofonoan indartzeko asmoz.

Hitzez hitz, ca colle au basque esamoldeak euskalduntasunari itsasten zait esan nahi du, eta burutik kendu ezin den zerbaiti erreferentzia egiteko erabiltzen da frantsesez.

Ekimena asteazken honetan aurkeztu da Getariako (Gipuzkoa) Zarautz jauregian, kulturgintzako eta herri erakundeetako 50 bat ordezkarirekin egindako lan saioan.

Bertan hartu dute parte Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Maël Solen Picard Quebecek Bartzelonan duen bulegoko zuzendariak, Yves Kordian Malandain Ballet Biarritzeko zuzendariondokoak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak.

Bengoetxeak adierazi duenez, "Euskadik nazioartean jarri nahi du begirada, gure ahotsa erabakiak hartzen diren guneetan entzutea nahi du".

Esan du Etxepare Euskal Institutua Euskadi Globala estrategian "kultura eta euskararen motorra eta munduan nor garen azaltzen duen pieza" izatea nahi dutela

Halaber, esan du Etxepare Euskal Institutua Euskadi Globala estrategian "kultura eta euskararen motorra eta munduan nor garen azaltzen duen pieza" izatea nahi dutela.

Ildo horretan, "eragileen arteko maila ezberdinetako lankidetza" eskatu du, "mugaz gaindiko kooperazioa sustatu, sareak sendotu eta gure nortasuna unibertso frankofonoan zabaltzea" helburu duen epe luzeko proiektua bultzatzeko.

Bestalde, Larrazak adierazi du datozen lau urteetan Etxepare Institutuak frankofoniaren "eremu anitz eta zabal horretan" eragin nahi duela, "guri buruzko ezagutza handitzeko asmoz eta lankidetza berriak sustatzeko ilusioz".

Larrazak adierazi du datozen lau urteetan Etxepare Institutuak frankofoniaren "eremu anitz eta zabal horretan" eragin nahi duela, "guri buruzko ezagutza handitzeko asmoz eta lankidetza berriak sustatzeko ilusioz"

Horretarako, Etxepare Institutua lurralde frankofono desberdinetako erakundeekin loturak sortzeko, garatzeko eta sendotzeko lanean ari da, komunitate horren nazioarteko proiekzioa aprobetxatuz.

Halaber, ekimenak euskararen ezagutza eta ospea sustatzearen alde egingo du, esparru akademikoan euskararen hedapena bultzatuz, sortzaile eta unibertsitateen artean sinergia berriak sortuz, eta egoera diglosikoan dauden hizkuntzen eta hauek hizkuntza hegemonikoekin dituzten harremanen testuinguruan euskararen errealitateari balioa emanez.