Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen 2025eko zenbait diru laguntza deialdi onartu ditu astearte honetan, udaletan eta enpresetan berdintasun planak bultzatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko. Guztira, diru laguntzen zenbateko osoa 1,27 milioi euro da.

Horrela, Jaurlaritzako arduradunek jakinarazi dutenez, diru laguntza deialdietako bat Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalerri, koadrilla, mankomunitate eta udalerri taldeei zuzenduta dago, eta 500.000 euro banatuko dira.

Diagnostikoak edo emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak, berdintasunerako plan sektorialak edo estrategikoak, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko tokiko protokoloak eta berdintasunerako ordenantzak egiteko eta ebaluatzeko izango dira laguntzak, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana garatuz.

BESTE DATU BATZUK

Emakundek 400.000 euroko beste diru laguntza lerro bat ere prestatu du. Alde batetik, lehen berdintasun diagnostikoak eta planak egin nahi dituzten 10 eta 150 langile bitarteko erakunde eta enpresa pribatuei lagundu nahi zaie, bai eta berdintasunerako planetan jasotako neurriak ezartzeko baliabide materialak, ekonomikoak eta pertsonalak behar dituztenei ere.

Emakundek hiru beka emango ditu emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko ikerlanak egiteko, eta denera 70.000 euro banatuko ditu

Era berean, gutxienez 10 langile dituzten eta aldez aurretik berdintasun planak ezarrita dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeei laguntzea du helburu deialdiak, baldin eta arlo horretan indarrean dagoen legeriara egokitzeko betebeharra badute.

Gainera, emakumeen aurkako indarkeriaren arloan indarkeriazko portaerak prebenitzeko eta sentsibilizatzeko irabazi asmorik gabeko erakunde eta elkarteek bultzatutako programei dagokienez, Emakundek 300.000 euro banatuko ditu laguntzetan.

HIRU BEKA

Azkenik, Emakundek hiru beka emango ditu emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko ikerlanak egiteko, eta denera 70.000 euro banatuko ditu.

Deialdi horien guztien eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta biharamunean hasi eta 2025eko apirilaren 1ean amaituko da.