UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina jarri du martxan, beste herrialdeetatik etorri, euskara ikasi eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko.
UEMAk jakinarazi duenez, 2023ko azaroan ekin zion lehen aldiz 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainari, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin. Bateko eta besteko haurrak eta nerabeak izan ziren kanpaina haren irudia, eta ekimenak "oihartzun ederra" izan zuen sareetaen zein hedabideetan.
Orduan, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko beharra ere nabarmendu zioten hainbat udalek UEMAri, eta horiek izango dira kanpainaren bigarren aldiko protagonistak.
Zehazki, Azkoitia, Mutriku, Ibarra, Tolosa, Arbizu, Etxarri Aranatz, Larrabetzu, Lezo, Lekeitio eta Zaldibiako ostalariak eta merkatariak dira kanpainan agertuko direnak: Michele Abrego, Valeria Medina, Hector Daniel Hernandez, Jennifer Cardenas, Rizwan Ali, Keyla Vias, Guina Lodiagne, Narcisa Farcas, Amin Boumediene, Maurizio Faedda, Marcos Rocha eta Ansou Senghor.
Kanpainaren nondik norakoak azalduz, udalerri euskaldunetarako kartelak eta diptikoak prestatu ditu UEMAk, eta astelehen honetatik aurrera izango dira ikusgai batean eta bestean.
Era berean, sare sozialetarako edukia eta bideoak ere astelehen honetatik aurrera zabalduko dituzte, UEMAk eta hainbat udalek: bideo orokorra lehenik, eta kanpainan parte hartzen duten tabernari eta ostalarien banakako bideoak ondoren, egunez egun.
Kanpaina honen abiapuntuan 'Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan' egitasmoa dago. Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu dute UEMAk, udalek eta hainbat eragilek.
UEMAren arabera, herri horietako zenbaitek "kezka" adierazi dute, "lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren".
"Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak", adierazi du.