Gema Lopez Las Herasek irabazi du Jokin Zaitegi itzulpen saria
Gema Lopez Las Herasek aurkezturiko proiektuak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko Udalaren (Gipuzkoa) eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa.
Horrela erabaki du Xabier Etxeberriak, Joannes Jauregik eta Leire Vargasek osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko lan guztien artean hautatuta, lehiaketaren sustatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.
Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun izendaturiko Han Kang idazle korearrarenBarazkijalea eleberria euskaratu beharko du itzultzaileak, eta 2025eko amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak. Itzultzaileak Sora Ryu korear euskaldunaren laguntza izango du jatorrizko hizkuntzaren ezagutza eta itzulpenaren bermea ziurtatzeko.
Gema Lopez Las Herasek orain dela bi urte ere irabazi zuen Jokin Zaitegi, eta Annie Ernaux idazle frantsesaren Emakume izoztua euskaratu zuen horri esker.
OMENALDIA
Bestalde, Jagoba Alvarez Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako zuzendaria buru zuen euskal ordezkaritza batek omenaldi hunkigarria egin zien astelehenean El Salvadorren duela 35 urte hil zituzten Ignacio Ellacuria apaizari eta Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko (UCA, gaztelaniazko siglekin) gainerako 'martiriei'.
Ekitaldian lore eskaintza egin zuten Jose Simeon Cañas Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko campusean, hil zituzten lekuan, eta El Salvadorreko Armadako eliteko komandoak hil zituzten beste bost jesuitak eta bi emakume salvadortarrak ere gogoratu zituzten.
Alvarezek lore sorta utzi zuen UCAko campusean jarritako monolitoan, eta eLankidetza Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren, Eusko Legebiltzarraren eta giza eskubideen eta lankidetzaren arloko erakundeen (Bakerako Lankidetza Batzarrea BLB, Bakea eta Elkartasuna Euskadi eta Zehar-Errefuxiatuekin) ordezkariak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundearenak ere izan ziren ekitaldian.
Temas
Más en Actualidad
-
El Congreso admite la propuesta del PNV para dar seguridad jurídica a los traspasos
-
Urdaibaiko Esentziak ekimena egingo da larunbatean BBK Kliman, "planetaren zaintzarekin konektatzeko topaketa"
-
El Gobierno tilda la trata de mujeres de "esclavitud moderna"
-
ChatGPT crea una empresa valorada en 25.000 dólares a partir de 100 iniciales pero al final la hunde