Alan Parsons Live Project, Lita Ford, Samantha Fish eta Sex Museum dira BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdiaren antolakuntzak zortzigarren ediziorako iragarritako lehen talde eta artistak. Jaialdia Bilbao Arena pabiloian izango da, ekainaren 13an eta 14an.

Dekker Events enpresak BBKren eta Bilboko Udalaren babesarekin antolatzen duen jaialdirako lehen bonuak salgai daude jada, eta urtarrilaren 31ra arte 95 euro balioko dute (gehi gastuak).

Bada, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, Alan Parsons da jaialdiaren zortzigarren edizioko lehenengo taldeburua, osasun arazoen ondorioz 2022ko edizioan parte hartzea bertan behera geratu ondoren.

Parsons "musikaren ikono ospetsu" eta rock progresiboaren maisua da, eta soinu ingeniari izan da The Beatles, Pink Floyd, The Hollies edo The Wings taldeentzat. Grammy bat irabazi eta 13 izendapen jaso ditu, baita beste sari asko ere, eta, ia 70 disko argitaratu ondoren, Alan Parsons 'Live Project' delakoarekin izango da Bilboko jaialdian.

Alan Parsons da jaialdiaren zortzigarren edizioko lehenengo taldeburua

Lita Ford "gitarren rockaren erregina" ere Bilbon izango da ekainean. The Runaways emakume talde berritzailearen sortzaileetakoa eta gitarra jotzaile ohiak ia 50 urteko ibilbidea dauka, eta hamaika sari eta aitortza jaso ditu, baita Emakumezko Rock Abeslaririk Onenaren Grammy sarirako bi izendapen ere.

Halaber, Samantha Fish abeslari eta gitarrista estatubatuarrak bere rock-blues "zeharo gordin eta kementsua" aurkeztuko du BBK Bilbao Music Legends Fest jaialdian. Slash (Guns & Roses) eta The Rolling Stones modukoekin kolaboratu da, eta aurten Grammy saria irabazteko hautagai izan da, Death Wish Blues diskoari esker.

Azkenik, baieztatutako lehen talde multzoaren barne Sex Museum madrildarrak daude. Malasañako taldea 40. urteurreneko biran murgilduta dago, "agertokian ezin indartsuago", eta betiko arrakastak eta disko berriaren zenbait aurrerapen eskainiko ditu.