Txalo antzerki taldeak Kanpora sartzen antzezlanaren bi emanaldi egingo ditu abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Oarsoaldeko (Gipuzkoa) euskaltegietako ikasleentzat, Errenteriako Niessen aretoan.

Oarsoladea Garapen Agentziak jakinarazi duenez, emanaldi bat 10:00etan izango da, goizeko txandako ikastaldeentzat, eta bestea 17:15ean, arratsaldekoentzat, Mintzagun egitasmoaren barne euskaltegientzako antolatzen diren ekintzen artean.

Kanpora sartzen antzezlanak hiesaren gaia jorratzen du esperientzia pertsonal batetik abiatuta, eta, gaia gogorra izan arren, umore zipriztin bikainak ere baditu. Emanaldia doakoa izango da eta betetzen ez diren aulkiak herritarrei zabalik izango dira sarrerak.eus webgunean ostiraletik aurrera.

Bestalde, Arrate Illaro Etxebarriak egindako 'Giza baliabideen kudeaketa euskararen normalizazioaren sektorean: talentua atxikitzea eta pertsonen motibazioari eustea (faktoreak, indarguneak eta erronkak)' izenburuko lanak irabazi du Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria (2.000 euro).

Soziolinguistika Klusterrak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak urtero antolatzen dituzte Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sariak, euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza sustatzeko. Era berean, arloko ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari berriak eremura biltzea ere bilatzen dute.

Sariaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, Arrate Illaro Etxebarriaren ikerlanaren arabera, enpresa zuzendaritzaren eta giza baliabideen kudeaketa estrategikoaren teoriek argi adierazten dute langileen motibazioa, ezagutza eta jarrera gakoak direla erakundeek beren helburuak bete ditzaten.