Aiora Jakak eskuratu du euskarazko literatura itzulpeneko Euskadi saria, Independentzien eguzkiak lanagatik (Erein eta Igela), eta Jon Urzelaik euskarazko saiakerakoa, Su festak lanari esker (Susa). Era berean, gaztelaniazko literaturako Euskadi saria Julia Otxoak lortu du, 'Bajo los astros de la repetición' lanarekin (Aliar 2015 Ediciones S.L.), eta gaztelaniazko saiakerako saria eman gabe geratu da.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi ditu Euskadi literatura sarietako aurtengo azken hiru irabazleen izenak (gaztelaniazko saiakerakoa eman gabe geratu), Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian.
Euskadi literatura sarietako 2024ko beste hiru saridunak pasa den astean iragarri ziren: Jon Gerediagak euskarazko literaturakoa lortu du Zeru lurren liburua lanagatik, Harkaitz Canok haur eta gazte literaturakoa Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez liburuagatik, eta David de las Herasek literatur lanaren ilustraziokoa Campos de Castilla obran egindako lanagatik.
Bada, euskarazko literatura itzulpeneko epaimahaiak erabaki du aurtengo Euskadi saria Aiora Jakari ematea, Ahmadou Kourouma idazle afrikarraren 'Independentzien eguzkiak' lanaren itzulpen lanagatik.
Epaimahaiaren iritziz, "Aiora Jakak oso itzulpen lan ona egin du Ahmadou Kouroumaren istorio honekin, eta bikain ekarri du euskarara, azalez nola mamiz, estiloz nola tonuz". "Erritmo narratibo bizia duen liburua da, ahozkotasunetik hurbil dagoena, eta itzulpen erabaki ausart bezain zuhurrak hartuta egiantz osoz euskal irakurlea mendebaldeko Afrikara eramaten duena", azaldu du epaimahaiak.