Gasteizko Udalak, Osakidetzaren Arabako ESIak eta Zuzenak Fundazioak lankidetza hitzarmena sinatu dute, jarduera fisikoaren bidez min kronikoa duten pertsonen bizi kalitatea hobetuko duen pazienteen bideratze programa abian jartzeko. Hitzarmena urtebetez egongo da indarrean.

Hitzarmenaren sinatze ekitaldian ezagutarazi dira nondik norakoak, asteazken honetan. Kirol, Osasun eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Ana Lopez de Uraldek, Arabako ESIko mediku-zuzendari Lander Hijonak eta Zuzenak Fundazioko kudeatzaile Itxaso Carrillok parte hartu dute.

Min kronikoa duten pertsona ez-aktiboei dago zuzenduta programa, hau da, kirolik egiten ez dutenei. Pazienteak 70 urtetik beherakoak izan behar dira, Arabako ESIaren Minaren Unitatean arreta jasotzen dutenak.

Bada, programaren baitan, Lakua auzoko Julio Roca jarduera fisiko egokiturako zentrora bideratuko dituzte, beren bizi kalitatea eta ongizatea hobetu, jarduera fisikoari ekin eta haren onurak ikustarazteko asmoz. Programa bukatu eta gero era autonomoan jarduera fisikoa egiten jarrai dezaten tresnak eta ezagutzak ere emango zaizkie.

Lopez de Uraldek azpimarratu duenez, "pazienteak jarduera fisiko egokituko zentroko udal instalazioetara bideratzeko programa honen bidez, udalak berretsi egiten du herritarren eta, bereziki, Arabako ESIko Min Unitatean artatuak direnen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko nahia. Azken horiek jarduera fisikoa eta kirolaren bidez beren osasun fisiko, mental eta emozionalaren hobekuntza ikusiko dute".

Bestalde, Hijonak azaldu du programak ez duela soilik bilatzen jendearen osasun fisikoa hobetzea, "baizik eta epe luzera jokabidea aldatzea eta ohitura osasuntsuak sustatzea ere". "Badakigu erregularki egiten den jarduera fisikoa tresna boteretsua dela minaren kudeatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko, eta ahalegin bateratu honi esker, emaitza bikainak ikusiko ditugu, zalantzarik gabe", esan du.