Lantokira autoz egindako joan-etorrien erabilera partekatua (carpooling-a) bultzatzeko asmoz Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (CEA) eta Vitoria-Gasteizko Udalak irailean martxan jarri zuten ekimen pilotuak 2025eko abuztura arte jarraituko du.

“Beste urte batez ekimen hori mantenduta, plataforma digitalen erabilera sendotuko dugu Gasteiz inguruan, etxetik lanera egin beharreko joan-etorrietarako autoaren erabilera partekatua errazteko eta sustatzeko. Horri esker, partekatutako autoaren modalitatea txertatuko dugu mugikortasun-ekosistemaren barruan eta garraio publikoaren osagarri bihurtuko da”, adierazi du Borja Rodríguezek, CEAko presidenteak.

Mugikortasun jasangarriaren estrategiaren esparruan, Udalak automobilak bakarka gidatzearen ordezko garraiobideak garatu nahi ditu, mugikortasun partekatuko zerbitzu berriak sustatuz. Hain zuzen ere, horietako bat da automobilez egindako bidaiak partekatzea (carpoolinga).

Testuinguru horretan, Ingurumen Gaietarako Ikastegiak iazko irailetik EIT Urban Mobility-tik datorren eta Europak finantzatu duen ekimen pilotua babestu du etxetik lanera egin beharreko joan-etorrietan autoaren erabilera partekatua bultzatzeko.

Horri esker, partekatutako bidaietarako komunitatea sortzen lagundu da “eguneroko joan-etorrietan karbono-aztarna gutxitzeko. Ekimena hiri inguruko industriaguneetan lan egiten duten pertsonei bideratu zaie (Jundiz edo Arabako Teknologia Parkea, adibidez)”.

Ekimena abiarazi zenetik 11 hilabete igaro direnean, 45.000 bidaia baino gehiago hitzartu eta bideratu dira horretarako egokitutako plataforma digitalaren bidez. “Beste nolabait esanda, lanera egin beharreko bidaiak planifikatzeko tresna hori erabiltzen duten ia 500 lagunen joan-etorrien ondorioz atmosferara igorriko ziratekeen 91 tona CO2 isurtzea saihestu da”.