Maider Etxebarria alkateak, Beatriz Artolazabal alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak eta Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak aurkeztu dituzte, Zaramaga Biziberritzeko Planaren barruan, auzoan egingo diren hiri-berroneratzeko esku-hartzeak. Lan horien bidez, auzoko kaleak, plazak, parkeak eta lorategiak hobetuko dituzte.

Guztira, 8 proiektu gauzatzea aurrez ikusi da eta horietarako egin beharreko inbertsioa sei milioi euro baino gehiagokoa izango da. Hamar kale baino gehiagotan egingo dituzten esku-hartze horiekin, azpiegitura berde gehiago izango da eta mugikortasun jasangarriagoa eta seguruagoa bultzatuko da. Obra horiek auzoa “josten” eta oinezkoentzako pasealeku handi horiek (askotan loturarik ez dutenak) lotzen lagunduko dute korridore berde handi baten bidez.

Aldi berean, esku-hartzeak 23 komunitatetako 340 etxebizitzaren birgaitze energetikoa ere barne hartuko du. Irailean hasiko dituzten lan horiei esker, energia-kontsumoa % 60 murriztu ahal izango dute.

Zaramaga Vitoria-Gasteizko urrezko auzoetako bat da, baina bertako eraikin, zoladura edo kale askok 60ko hamarkadan eraiki zituzteneko itxura bera dute. Eusko Jaurlaritzaren Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planetik 31 milioi euro baino gehiago jasoko ditu auzoak proiektua aurrera eramateko. Horri esker, auzoak eraldaketa handia izango du.

Auzoan egingo duten esku-hartzeak 23 eraikinen birgaitze energetikoa ere ekarriko du eta, horri esker, lanak amaitu ondoren, faktura energetikoan % 60 baino gehiagoko aurrezkia lortuko da.

“Zaramaga biziberritzeko proiektu honen helburua bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea da. Horretarako, hobekuntzak egingo dira kaleetan eta plazetan, eta baita haien etxeetako bizigarritasunean ere era askotako lanekin: energia-eraginkortasunarekin lotutakoak igogailuak jartzea eta irisgarritasuna hobetzea, adibidez. Horiek guztiak 340 etxebizitzatan egingo dituzte”, azpimarratu du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak.