Arabako Foru Aldundiak Kexaako Monumentu Multzoa Aiaraldean garapen ekonomikorako baliabide gisa sustatzeko ideia lehiaketa bat antolatu du. Lehiaketaren oinarriak argitaratu dira kontratatzailearen profilean eta iragarki batean Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean, eta pertsona fisiko edo juridiko interesdunek Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailak proposatutakoari erantzuteko bete beharko dituzten baldintzak eta ezaugarriak jaso dituzte.

Lehiaketaren helburua Kexaako Monumentu Multzoaren kudeaketa pribatua, publikoa edo publiko-pribatua egiteko proposamenak jasotzea da, eta "Arabako ondarearen harribitxia den espazio horri balioa emateko proposamenik onena hautatzea, egokitasunagatik, bideragarritasun tekniko eta ekonomiko eta finantzarioagatik eta potentzialagatik", Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azaldu duenez.

Aiaraldearekiko konpromisoan "urrats sendoekin aurrera egiten" jarraitzen dutela nabarmendu du, eta ideia lehiaketa "beste mugarri bat" dela ezarritako bide orrian. "Zaindu eta babestuko dugun kultura eta ondare ondasunari eskualdeko garapen ekonomikoa sustatu eta bultzatuko duen alderdi estrategikoa gehituko zaio, XXI. mendeko ikuspegiarekin", gaineratu du.

Ideia lehiaketara aurkezten diren proposamenek kontuan hartu beharko dituzte Kultura Interes Kalifikatuko Ondasun izaeraren ondoriozko Monumentu Multzoaren baldintzatzaileak, Aiararen garapen ekonomiko eta sozialerako inpaktua eta lurraldearen irudia eta sustapena.

Lehiaketak bi sari banatuko ditu ondoen baloratutako bi proposamenentzat: lehen sarira 20.000 euro bideratuko dira, eta 10.000 euro bigarrenera. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da, eta, une horretatik aurrera, jasotako proposamenak aztertuko ditu foru erakundeko Finantza eta Aurrekontu zuzendariak eta Ogasun Saileko idazkari teknikoak, aldundiko hainbat sailetako bost teknikarik eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko kide batek osatutako epaimahaiak.

Proposamenen balorazioan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: sendotasuna eta garapen maila, Aiarako Kuadrillaren eta bere udalerrien garapen ekonomiko eta sozialerako inpaktua eta Arabaren irudirako inpaktua.