Biosistemak Osasun Sistemen Ikerketa Institutuak Biogipuzkoako eta Osakidetzako ikertzaileen eskutik egindako ikerketa batek ondorioztatu du hipertentsio arteriala diagnostikatuta duten 45 urtetik beherako herritarrek gaixotasun kardiobaskularrak izateko probabilitate handiagoa dutela.
Hala jakinarazi du ostegun honetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohar baten bidez, ostiralean ospatuko den Hipertentsioaren Nazioarteko Egunaren bezperan.
Iaz amaitu zen azterketak hipertentsio arterialaren diagnostiko berriek gertaera kardiobaskularretan eta hilkortasunean duten eragina neurtu du, hamarkada batean 25.000 euskal herritar baino gehiagoren jarraipena eginez.
Ondorio nagusien arabera, hipertentsioa gertaera kardiobaskularren gorakadarekin lotuta dago, eta gorakada hori hipertentsioa diagnostikatzeko adinaren araberakoa da: 45 urtetik beherako pazienteak dira arrisku handiena dutenak eta, ondoren, 45-54 urtekoak; 65-74 urteko pazienteak dira arrisku txikiena dutenak. Hala ere, ez da loturarik ikusi hipertentsioaren diagnostiko berri baten eta edozein kausak eragindako hilkortasunaren artean.
Amaia Bilbao Gonzalez Bilbo-Basurtoko ESIko ikertzaile eta Biosistemak-eko kidea buru duen ikerketa taldeak 2010ean eta 2011n hipertentsioa lehen aldiz diagnostikatu zieten eta aurretik gertakari kardiobaskularrik ez zuten 18 urtetik gorako 12.600 paziente identifikatu dituen.
Pazienteak hipertentsio diagnostikorik eta aurretiko gertaera kardiobaskularrik ez zuten pazienteekin parekatu dituzte adinaren, sexuaren eta osasun zentroaren arabera. Gainera, hainbat aldagai hartu dira kontuan, hala nola maila sozioekonomikoa, diabetesa, hiperkolesterolemia eta erretzeko ohitura. Paziente guztiei hamar urtez jarraipena egin zaie gertakari kardiobaskularren agerpena edo heriotza ebaluatzeko.
Horrela, azterketaren emaitzek paziente hipertentsiodunekin prebentzio eta jarraipen neurriak hartzea babesten dute, bereziki arrisku handiena duten adin taldeetan, gertakari kardiobaskularrak agertzea eragozteko.