Síguenos en redes sociales:

Arabako Aldundiak 201.000 euro bideratuko ditu lurraldean fruta arbolak landatzeko laguntzetara

Arabako Aldundiak 201.000 euro bideratuko ditu lurraldean fruta arbolak landatzeko laguntzetaraOskar Martinez

Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak onartu du lurraldean fruta arbolak landatzea sustatzeko laguntzen 2024ko deialdia, Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak hala eskatuta, eta orotara 201.059 euro banatuko ditu. Frutagintzako aholkularitza teknikorako eta fruta arbolak landatzeko da laguntza lerroa.

Foru erakundeko arduradunen hitzetan, Arabak landatzeko azalera zabala du, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) barruan nekazaritza azalera handiena duen lurraldea da. Azalera gehiena lehorreko urteko laborantza estentsiboetara -batez ere zerealetara (garia, garagarra eta oloa)-, mahastietara eta ureztatzeko labore estentsiboetara (erremolatxa eta patata) bideratzen da. Lurralde mugakideetan gertatzen denaz bestela, labore iraunkorrak ez dira ohikoak Araban, mahastia izan ezik.

Horrela, aniztasun edafoklimatikoarekin eta aldeko orografiarekin, Araba lurralde aproposa da fruta arbolen labore jakin batzuk garatzeko. Sagarrondoa, adibidez, lurraldean antzinatik dagoen labore tradizionala da, eta haren laborantza lurraldeko kulturari, etxaldeei eta baserriei lotuta egon dela adierazten duten lekukotzak askotarikoak eta ugariak dira.

Gainera, foru erakundearen arabera, badira beste fruta arbola batzuk ezen aurrekoa bezalako fruta arbolaren garrantzia eta jatorri deitura edo kalitate marka loturik eduki ez baina bereziki interesgarriak direnak Arabarako, laguntzen dutelako nekazaritza jarduera dibertsifikatu eta mantentzen, tokian tokiko barietateak edo nekazaritza dibertsitatea kontserbatu eta hobetzen, paisaia kontserbatzen eta abar. Intxaurrondoa edo olibondoa bezalako laboreak interesgarriak dira eta xede horiek lortzen laguntzen dute.