BIZAN sareko osasun-parkeetako jarduera areagotu egingo da hilabete honetatik aurrera. 60 urtetik gorako pertsonentzat antolatutako ariketa fisikoko jarduerak Judimendi eta Florida parkeetara ere eramango dituzte apirilaren 23tik eta 25etik aurrera, hurrenez hurren. Osasun-parkeen sareak begiraleek zuzendutako 30.000 erabilera baino gehiago izan zituen 2023an.
Azken urteotan, Vitoria-Gasteizko Udalak osasun-parkeen sarea osatu du pixkanaka eta gaur egun 16 parkek osatzen dute. Hainbat espazio eta ordutegitan elkartu ahal izateko guneak dira eta, horietan, ariketa fisikoa eta harreman sozialak sustatzen dira. Erabilera kopurua nabarmen igo da azken urteotan. 2020ko 6.467 erabileretatik –begiraleen presentziarekin egiten direnak bakarrik daude zenbatuta, ez modu autonomoan egiten direnak– 30.497 izatera igaro zen 2023an. Bestalde, parte hartu zuten pertsonen kopurua 509 izatetik 1.086 izatera igaro zen, eta aipatu beharrekoa da horien artean gehienak emakumeak izan zirela.
Osasun-parkeek hainbat gailu eskaintzen dituzte. Erabilera modu librean egin daiteke, edozein ordutegitan, ariketa-jarraibide batzuen arabera, edo BIZANek antolatutako doako talde-saioetara joanez. Saio horietan, entrenatzaile batek tresna horiek nola erabili eta ariketak nola egin aholkatzen du. Profesional horiek arduratzen dira, halaber, jarraipena egiteaz eta laguntza emateaz.
“Azken urte hauetan zehar egiaztatu dugu osasun-parkeen arrakasta handiena (partaide kopuruari zein asebetetzeari dagokienez) erakusten duen faktorea zuzen-zuzenean lotuta dagoela jarduera fisikoaren eta kirol-jardueraren profesionalek saioak dinamizatzearekin. Horregatik, osasun-parkeen helburuak garatzeko bi gune berri dinamizatzea planifikatu dugu. Alde batetik, zahartze aktibo eta osasungarria sustatzea eta, bestetik, adinekoen parte-hartzea eta harremanak sortzea sustatzea, baita BIZAN zentroak ezagutaraztea ere”, adierazi du Raimundo Ruiz de Escudero Gizarte Politiken zinegotziak.