Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak antolatutako eskola kiroleko jarduera irekien programak beisbola, mahai tenisa, squasha eta txirrindularitza praktikatzeko aukera eskainiko du apiril honetan.
Jarduera programa joan den azaroan jarri zen abian, eskola kiroleko programa osatzen duten zenbait kirol modalitatetako jarduera zehatzen eskaintza zabala egiteko, Arabako eskola adineko umeek parte har dezaten, dagokion kirol modalitateko eskola programan inskribatuta dagoen ala ez kontuan hartu gabe.
Horrela, foru erakundetik jakinarazi dutenez, programa 2008 eta 2017 artean jaiotako ikasleentzat da. Nolanahi ere, jarduera bakoitzak zehazten du adingabeek zenbat urte izan behar dituzten izena eman ahal izateko.
Eskola jardueretan parte hartu ahal izango dute dagokion modalitateko eskola kiroleko programan izena eman ez duten eta izena eman dutenek. Salbuespen izango dira hastapen ikastaroak, modalitate horretan izena eman ez duten ikasleek soilik parte hartu ahal izango baitute.
Jarduerak Arabako kirol federazioek antolatzen dituzte, federaziook Arabako Foru Aldundiarekin dituzten eskola kiroleko hitzarmenen bidez. Kirol federazioek zuzenean antola ditzakete jarduerak, beren baliabideen bidez, edo beren klubetako baten esku utz ditzakete.
2023-2024 ikasturteko eskola kiroleko programak hartzen duen aldi osoan egingo dira jarduerak, hau da, irailaren 7tik ekainaren 21era), eta izena eman ahal izateko jarduera bakoitzaren informazio fitxan dagoen inskripzio inprimakia bete behar da. Inprimakia jarduera antolatzen duen kirol federazioari zuzenduko zaio automatikoki. Federazio antolatzaileek, gainera, izena emateko beste kanal batzuk ezarri ahal izango dituzte. Jarduerak doakoak izaten dira oro har, edo kostu sinbolikoa izaten dute bertaratze berme gisa.