Eusko Jaurlaritzak ireki du tratamendu medikoekiko atxikidura ziurtatzeko laguntzak eskatzeko epea, Espainiako Gobernuak ezarritako baterako ordainketa farmazeutikoaren ordezko laguntzak, hain zuzen ere. Horrela, bermatu nahi da agindutako medikazioa inork hartzeari utziko ez diola arrazoi ekonomikoengatik.

Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburuaren agindua joan den martxoaren 26an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), eta, beraz, eskabideak aurkezteko epea abenduaren 10era arte dago zabalik.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, baterako ordainketa farmazeutikoarekiko une oro erakutsi duen aurkakotasunaren barruan kokatzen dira laguntzak; izan ere, "gaitzespen irmo horren ondorioz, errenta baxuak dituzten pertsonentzako eta talde behartsuentzako (pentsiodun, langabe, egoera irregularrean dauden etorkin eta abarrentzako) konpentsazio neurriak hartu zituen Estatuko lehen erkidegoa izan zen Euskadi, agindutako medikazioa arrazoi ekonomikoengatik hartzeari inork utzi ez ziezaion ziurtatzeko".

2023ko abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitarte eta 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egindako gastu aldiari dagokio oraingo deialdia. Laguntzak ematen hasi zirenetik (dagoeneko 12 urtez jarraian eman dira), 798.000 eskaera baino gehiago tramitatu ditu Eusko Jaurlaritzak, 43,6 milioi eurotik gorako zenbatekoaz.

Iaz, Jaurlaritzak 2.114.448 euro bideratu zituen 2022ko deialdiaren bigarren epeari eta 2023ko deialdiaren lehen epeari dagozkien laguntzen onuradunentzat. 2021ean handitu egin zen farmazian ordaintzetik salbuetsita geratzen diren kolektiboen kopurua.

Osasun Sailak gomendatu du eskaera Internet bidez tramitatzea Jaurlaritzaren webguneko helbide hauetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336322/web01-tramite/eu/ eta https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0336321/web01-tramite/eu/.

Modu presentziala hautatuz gero, Osasun Sailaren lurralde ordezkaritzetan, Osakidetzaren osasun zentroetan eta Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

Laguntzak bi epetan ordainduko dira (2024ko hirugarren hiruhilekoan eta 2025eko lehen hiruhilekoan), eskabidea 2024ko ekainaren 10a baino lehen entregatzen bada; eskabidea 2024ko ekainaren 10etik aurrera entregatzen bada, aldiz, ordainketa bakarra egingo da 2025eko lehen hiruhilekoan.