Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, zabalik dago Gasteizen etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntzak jaso ahal izateko eskabideak egiteko epea. 21 Zabalgunea udal sozietatearen laguntzak dira, 2024. eta 2025. urteetarako.

Hirigintza sozietateak Zulueta jauregiko bulegoetan eta Alde Zaharreko Arreta Bulegoan ematen du laguntzei buruzko informazioa, eta izapidetzeak ere bertan egiten ditu. Interesdunek aurretiazko hitzordua eskatu behar dute, Zulueta jauregiaren kasuan, 945 16 19 85 telefonora deituta, eta Pintore kaleko bulegora joan nahi dutenek, berriz, 945 16 18 81 zenbakira deituta. Helbide elektroniko bat ere egokitu dute (ayudasrehabilitacion@vitoria-gasteiz.org)

Birgaitze lanetarako laguntza lerrora lau milioi euro bideratuko dira guztira eta, horri esker, igogailuak instalatu eta berritu ahal izango dira; eraikinen inguratzaile energetikoa eta isolamendu akustikoa hobetu ahalko dira; egitura sendotzeko obrak egin ahalko dira; katalogatutako eraikinak zaharberritu eta kontserbatu ahal izango dira, bai eta oztopo arkitektonikoak kendu ere.

Era berean, diruz lagunduko dira zaharkituta dauden edo halakorik ez duten iturgintzako, saneamenduko, elektrizitateko, berokuntzako, gaseko, telefoniako edo suteen aurkako babeseko instalazioak zaharberritzeko eta ordezkatzeko lanak 50 urte edo gehiago dituzten eraikinetan.

Laguntzen arauak honako lan hauek ere jasotzen ditu: leihoak aldatzea, katalogatutako eraikinetan begiratokiak birgaitzea eta kontserbatzea, EITak egitea eta eraikinetan balkoiak edo terrazak jartzea, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak xedatutakoaren arabera.

Laguntzak Gasteizko auzo guztietako bizilagunek eskatu ahal izango dituzte, Erdi Aroko erdigunekoak izan ezik, auzo horrek arau espezifikoa baitu, eta Pintore kaleko 45 zenbakian dagoen arreta bulegotik izapidetzen da. Bestalde, Jaurlaritzak eremu hondatutako eremu gisa kalifikatutako guneek diru laguntzaren ehuneko handiagoa jasoko dute.