Gasteizko Gamarrako Atea kaleko galtzada asfaltatzeko lanek ekarriko dute kalea ibilgailuentzako ixtea gaurtik, otsailaren 15etik, hilaren 22ra, Artapadura kalearen eta Kantabrikoa hiribidearen artean. Hiritik ateratzeko erreia kendu eta sartzekoak mantenduko dira, inguruan dauden pabiloietako, tailerretako edo kontzesionarioetako jarduera errazteko.

Baskoniak etxean partidarik jokatuko ez duenez eta, horrenbestez, Buesa Arena barrutirako joan-etorriak urriak izango direnez, aste hori aukera dute lanak egiteko. Eragina jasango duten eta beren jarduera Gamarrako eta Betoñuko industrialdeetan garatzen duten enpresei aldaketa horien eta bide alternatiboen berri emango zaie datozen egunetan. Gorabeherarik ez bada, eta eguraldia lagun, otsailaren 23an berrezarriko da zirkulazioa.

Hala, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, ostegunean eta ostiralean, otsailaren 15ean eta 16an, galtzada fresatuko dute eta sartzeko bi errei egokituko dituzte. Hilaren 19an eta 20an asfaltatze lanak egingo dituzte eta, sartzeko bi errei izatetik, bat izatera igaroko da. Obrek dirauten bitartean, irteteko erreia beti egongo da itxita. Azkenik, otsailaren 21ean eta 22an, Kantabrikoa hiribidearen eta Artapadura kalearen arteko bidegurutzean egingo dituzte lanak.

Gamarrako Atea asfaltatzeko lanek garraio publikoan ere izango dute eragina, ibilbide hori egiten duen Tuvisaren 9. linea desbideratu egingo delako eta egun Gamarrako Atean dauden bi geltokiak zerbitzuz kanpo geratuko direlako.

Gamarrako Atea kaleko lanak abuztu amaieran hasi zituzten mendebaldeko espaloia berrituta. Orain, berriz, bide hori eta bidegurutzea asfaltatzeko lanekin jarraituko dute. Lanotarako inbertsioa ia 600.000 eurokoa da.