Síguenos en redes sociales:

EHUk 'Utdanning & Karriere' nazioarteko hezkuntza azokan parte hartu du, Norvegian

Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuarekin lankidetzan

EHUk 'Utdanning & Karriere' nazioarteko hezkuntza azokan parte hartu du, NorvegianUtzitakoa

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) Utdanning & Karriere (Hezkuntza eta Karrera profesionala) nazioarteko hezkuntza azokan izan da asteazken honetan eta ostegunean, otsailaren 14an eta 15ean, Oslon (Norvegia). Euskal unibertsitate publikoak lehen aldiz parte hartu du azokan, Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuarekin lankidetzan.

EHUk bere pabiloia izan du graduondoko eskaintzaren berri emateko (masterrak eta doktoregoak), baita Erasmus+ mugikortasun eskaintzaren berri ere. EHUren arabera, 'Utdanning & Karriere' hezkuntza azoka "aukera paregabea" izan da ikasle potentzialekin harremanetan jartzeko eta etorkizuneko hezkuntzari buruzko erabaki informatuak hartzen laguntzeko behar duten informazioa emateko.

Hain zuzen, Junkal Gutierrez EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotze errektoreordearen hitzetan, "nazioarteko hezkuntza azoketan parte hartzea estrategia eraginkorra da nazioartean graduondoko ikasleentzako unibertsitate lehiakor eta erakargarri gisa ezagutarazteko".

"Azokek gure ikusgaitasuna areagotzen dute nazioartean, eta ikasle potentzialekin elkarreragin zuzena izatea errazten dute, EHUn ikasteak dituen abantailei eta onurei eta gure programen eskaintza zabalari buruzko zuzeneko informazioa jaso baitezakete. 'Networking'-erako aukerak ere badira, eta bide zuzenak irekitzen dizkigu talentua erakartzeko eta Estatu mailan zein Europa mailan unibertsitate erakargarri gisa abantailaz kokatzeko", azaldu du.

'Utdanning & Karriere' azokako antolatzaileek 14.000 pertsona inguru biltzea aurreikusi dute. 2023an 20 herrialdetako 100 erakusketari izan ziren, horien artean, Alemania, Australia, Kanada, AEB, Frantzia, Italia eta Erresuma Batukoak.