Síguenos en redes sociales:

Prestakuntza programetan kanpoko praktika akademikoek bizi duten egoerari buruzko Crue-ko komunikatua

Prestakuntza programetan kanpoko praktika akademikoek bizi duten egoerari buruzko Crue-ko komunikatuaUtzitakoa

Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 52. xedapen gehigarria argitaratu zenetik (“Inclusión en el sistema de Seguridad Social de alumnos que realicen prácticas formativas o prácticas académicas externas incluidas en programas de formación”), Espainiako unibertsitateok, "ikasleen interesen alde, ahalegin handia egin dugu han xedatutakoa aplika dadin. Hala eta guztiz ere, uste dugu administrazioak eta enpresek beraiek arduratu behar zutela egiteko horretaz":

2024ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean aipatu xedapena eta, horrekin lotuta, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak kezka adierazi nahi du honako gai hauen inguruan:

"Gaur-gaurkoz, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak (GSDN) oraindik ez die unibertsitateei inolako jarraibiderik bidali era argi eta zehatzean azaltzeko Gizarte Segurantzan nola egin behar diren praktikaldian dauden ikasleen altak eta bajak (horien kasuistika eta egoera pertsonala edozein delarik ere).

Aurreikus zitezkeen arazoen inguruko kontsulta asko egin zaizkio GSDNari, baita lehen hilabete honetan sortuz joan diren beste hainbat gairen inguruko kontsultak ere; baina idatziz ez da inolako erantzunik jaso.

Jarraibide zehatz eta ziurrak eman beharrean, informazio kontrajarriak iristen zaizkigu, besteak beste, nazioarteko mugikortasun programetan dauden ikasleei edota curriculumetik kanpoko praktikei dagokienez. Adibidez, azken horren inguruan otsailaren 1ean jasotako informazioak (11/2023 irizpidearen 4. luzapena) moldatu egiten ditu aurretik bidali diren jarraibideen funtsezko zenbait alderdi.

Hainbesteko desinformazioaren, inprobisazioaren eta GSDNaren jarraibideak ustekabean aldatzearen ondorioz, unibertsitateok ezin ditugu geure prozedurak behar bezala aplikatu eta, informazio faltagatik, ez gara gai ikasleek bidaltzen dituzten kontsulta ugariei zuzen erantzuteko.

Hemendik aurrera, gure funtzionamendu eremutik kanpo dauden kontsultarik jasotzen dugunean, GSDNarengana zuzentzeko gomendatuko diegu ikasleei, enpresei eta interesa izan dezaketen erakundeei.

Unibertsitateok arauz guri ez dagokigun ardura hau geure gain hartu badugu ere, egoera hain da lausoa eta larria, non praktiken sistema kolapsatzeko beldur garen. Praktikak funtsezkoak dira ikasleen prestakuntza eta enplegagarritasunerako eta, ondorioz, balizko kolapso batek kalte larriak eragingo lituzke. Sortu den nahasmendua dela eta, praktiken eskaintza bertan behera uzten ari dira enpresa asko, baita unibertsitateak horien kudeaketa ekonomiko eta administratiboa bere gain hartzen duenean ere.

Egoera honen aurrean, azpimarratu nahi dugu unibertsitateak ez garela egin litezkeen akatsen erantzule, ezta egoera honek eragin ditzakeen bestelako ondorioen erantzule ere.

Horregatik guztiagatik, uste dugu ezinezkoa dela lehen aipatutako Xedapen Gehigarria aplikatzea eta, Espainiako unibertsitateetan praktika programak eteteko arriskuaren aurrean, honako hau eskatzen dugu: tartean nahasita dauden organismoei dagokien erantzukizuna exijitu dakiela, eta ministerioek beharrezkoak diren neurriak har ditzatela araua zuzen betetzen dela bermatzeko, betiere unibertsitateetako ikasleen interes legitimoaren alde eginez".