Arabako Foru Aldundiak duela gutxi martxan jarri duen puntu berde mugikor berriak lurraldean gaikako bilketa indartuko du. Ibilgailu berria eskuratzeari esker, areagotu egingo dira hondakinak gaika biltzeko egungo bitartekoak; zehazki, beren bolumen edo izaeragatik bide publikoan dauden edukiontzien ohiko bilketa zerbitzuaren bidez gainerako hiri hondakinekin batera utzi ezin diren eta utzi behar ez diren hondakinak biltzekoak.
Horrela, Arabako Hiri Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planean (2017-2030) programatutako ekintzei ere erantzuten zaie, eta, era berean, administrazioek hondakinen arloan ezartzen dituzten politikak eta plangintzak betetzen dira. Zehazki, lanean ari dira berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestatzen diren hiri hondakinen zatikien ehunekoa eta kopurua handitzeko helburua betetzeko, gutxienez 2030ean pisuan % 55era iritsi arte, lurraldean sortutako hiri hondakin guztiei dagokienez.
Puntu berde mugikorraren zerbitzua Arabako Foru Aldundiak ematen du 2007. urtearen amaieratik, edukiontziz hornitutako bi ibilgailuren bidez, eta orain beste baliabide bat gehitzen zaio.
Helburu nagusia Arabako landa inguruneko hondakinen gaikako bilketa erraztea da, zerbitzu horiek eskura izateko aukerak antzekoak izan daitezen lurraldeko edozein puntutan, bai landako biztanleentzat bai hirikoentzat.
Herritarrek puntu berde mugikorrera eramandako etxeko hondakin bereziak indarreko araudiaren arabera biltegiratzen dira, legeriaren arabera kudeatzeko baimendutako tratamendu zentro batera eramateko behar den gutxieneko kantitatea metatu arte.
Gaur egungo zerbitzua Arabako Lurralde Historikoko herrigune guztietan ematen da, Gasteizko udalerrian eta Amurrio, Laudio, Agurain, Dulantzi, Langraiz Oka, Tuesta, Oion eta Santikurutze Kanpezuko herriguneetan izan ezik, horiek dagoeneko garbiguneak baitituzte.
Puntu berde mugikorra iritsiko dela aurrerapen handiz abisatzen da kartel baten bidez, zeina auzotarrek maiz erabiltzen duten toki batean jartzen baita: administrazio batzarra, udala, kontzeju etxea, iragarki taula, etab. Han, zerbitzu egunei eta orduei buruzko herri bakoitzeko urte guztiko informazioa agertzen da.
Zerbitzu hori astelehenetik larunbatera bitartean egiten da, eta egunero herri bat baino gehiagotan egoten dira. Kamioia ohiko lekuan geratzen da hondakinak jasotzeko eta, hala badagokio, zalantzak argitzeko.
Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko diputatuaren arabera, "Erosketa horrekin, egungo zerbitzuaren eragin eremua handiagoa izango da, eta Gasteizko udalerriko erakunde txikietara ere iritsiko da, eta, gainera, orain artekoetan maiztasuna areagotuko da".
Ibilgailua erosteko, 175.134,19 euroko inbertsioa egin da (BEZa barne), eta Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruko Next Generation Eu funtsen dirulaguntza bat dago.