"Beren bizitza eman zutenen balio berberekin konprometituta gaude: askatasuna, demokrazia, justizia soziala eta giza eskubideak"
Gogora Institutuak harremana du inguru horretan desagertutako 11 familiarekin, eta horietako batzuk bertan izan dira asteburuan egindako ekitaldi batean
Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Gerra Zibileko gudulari baten hezurrak lurpetik ateratzeko lanetan izan da, Saibi mendiaren tontorretik gertu, Abadiñon.
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak beheko gorputz-adar batekoak diren bi hezur aurkitu eta berreskuratu dituzte. Dirudienez, femur bakarra da, bitan hautsia, baina ondorengo analisi antropologikoak zehaztuko du. Aurkikuntza Saibi mendiaren tontorretik (954m) gertu dago, zoruaren gainazaleko geruzan, pista batetik gertu.
Sailburuarekin batera izan dira Memoria, Giza Eskubide eta Lankidetzarako sailburuorde José Antonio Rodríguez Ranz eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro. Haiekin batera, gorpuzkiak berreskuratzeko lanak ikusten, zonaldeko borroketan desagertutako gudari eta milizianoen senideak egon dira. Gogora Institutuak 11 desagerturen senideekin du harremana, gorpuzkien identifikazioa ahalbidetzeko.
1937ko apirilaren 6tik 15era bitartean Saibigain mendiaren Saibi tontorra, ikuspuntu militarretik estrategikoa zena, kontrolatzearen ondorioz inguru horretan izandako borroka gordinei buruz hitz egiten dute Gerra Zibilari buruz gordetzen diren dokumentazioek eta testigantzek. Hainbat argitalpenek, gainera, gudu ezberdinen ondoren lekua hilotzez josita geratu zela erakusten dute. Hortik dator Saibigaini erreferentzia egiteko "odolaren mendia" ezizena.
Nerea Melgosa sailburuak, lehenik eta behin, "askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren alde bizia eman zuten gudarien sakrifizioaz" hitz egin du. "1937ko apirilaren 14a eta Saibigaineko bataila, ‘odolaren mendia’, Euzkadiko Gudarostearen borrokaren data heroikoenetako bat dira, zorretan gaude belaunaldi harekin, zor hori kitatu nahi dugu, ahal dugu eta behar dugu" gaineratu du.
Sailburuaren hitzetan, gorpuzki horiek bilatu, aurkitu, lurpetik atera eta identifikatzea da hori egiteko lehen urratsa. Beharrezkoa da, Melgosaren ustez, haiei omenaldia egitea ere "haien lekukoa jasoz, eta gu ere konprometituz 2024an, hemen Saibigainen, beren bizitza eman zutenen balio berberekin: askatasuna, demokrazia, justizia soziala eta giza eskubideak".
Euskal Prospekzio Taldeak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Gogora Institutuak egindako lana eskertu eta aitortu ondoren, Nerea Melgosak iragarri du inguru horretako lanak datozen hilabeteetan luzatuko direla, 2024rako Urkiolako parke naturaleko inguru horietan miaketa-baimena luzatu ostean.
Parke Natural gisa babestutako eremua denez, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak baimena eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari prospekzio-lanak egin ahal izateko. Kanpainaren emaitza positiboa ikusita, Bizkaiko Aldundiak baimena berritu du lan horiekin jarraitzeko, sailburuak iragarri duen bezala.
Horrela, gaur lurpetik atera diren hezurrez gain, Euskal Prospekzio Taldeak egindako miaketa-kanpainan metraila-hondarrak, munizioa eta objektu pertsonalak aurkitu dira, hala nola hebillak eta borrokalarien janzkeraren hondar metalikoak.
Gerra Zibileko desagertuen bilaketa programa
Gogoraren Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren barruan, azken hogei urtean Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren 296 biktima berreskuratu dira, eta horietatik 50 identifikatu. Gogorak Aranzadi Zientzia Elkartearen bidez egiten ditu gorpuzkiak hobitik ateratzeko eta auzitegi-antropologiako lanak eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren bidez, DNA laginak kontrastatuz identifikazio genetikori dagozkionak.
Temas
Más en Actualidad
-
Ikerbasqueko 200dik gora ikertzaile elkartu dira Donostian elkarlana sustatzeko
-
Muere una persona por golpe de calor en una residencia de Bizkaia
-
Felipe González avala la condena a Ábalos y asegura que Aldama es "tan creíble como los que delataban al PP"
-
Vivienda exige a Idealista retirar anuncios de VPO con “sobreprecio encubierto”