Arabako Foru Aldundiak Leziñanan eraiki duen ur andel berria martxan dago dagoeneko. Azpiegitura hidrauliko horrek aukera ematen du herrigune horren hornidura bermatzeko, eta, gainera, etorkizunean Leziñana eta Sobrongo sistema lotzea erraztuko du, bai eta inguruko beste gune batzuk ere, hala nola Molinilla eta Caicedo Yuso. Andel berriaz gain, obrek barnean hartu dute ur gordinaren aurreko zuntz zementuzko hoditeria berritzea eta etorkizunean Molinilla eta Sobrongo sistema lotzeko bultzada hoditeria berria.
Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko foru diputatu Amaia Barredok eta Natura Ingurunearen zuzendariak, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko teknikariek eta Administrazio Batzarreko, Udaleko eta Kuadrillako arduradunek azpiegitura berria bisitatu dute. Foru arduradunak azpimarratu duenez, "obra honi esker, etorkizunean hiru herri urez hornituko direla bermatu ahal izango dugu, eta hori dela-eta erresilienteagoak izango dira gero eta gertaera klimatologiko muturragokoekin. Horrez gain, Leziñanako azpiegitura eskas eta zaharkituen egungo arazoa konpondu ahal izango dugu, eta, era berean, lurraldeko gune txikiak hornitzen dituen uraren kalitatea bermatu ahal izango dugu".
Leziñanak egun ur emakida baten aprobetxamendua egiten du Fuente Molinilla iturburutik (izen bereko herrian dago), bai eta duela 30 urte Foru Aldundiko ur zerbitzuak zulatutako zundaketa batena ere. Hala andela nola iturburuko hoditeria 70eko hamarkadakoak izaki, berritu egin behar ziren. Izan ere, Arabako Lurralde Historikoaren Ur Hornidura eta Saneamendurako Plan Zuzentzaileak (2016-2026) jada identifikatu zuen goi sareko zuntz zementuzko hoditeria berritzeko beharra zegoela, baita hartutako uraren tratamendua hobetzeko eta egungo andela ordezteko beharra ere, edukiera handiagoa duen hodi bat eraikita.
Gaur egun, iturburuko urak herria urez hornitzeko balio du urtearen zatirik handienean, baina udan, emaria murrizten denean, zundaketako ura andeleraino ponpatzen da, eta garai horretan jaisten da, hain zuzen ere, hartutako uraren kalitatea.
Udaran hornidurari konponbidea emango dion erantzun egokia emate aldera, 100 m3-ko andel berria eraiki da hiriko hornidura eskaerari aurre egin ahal izateko, eta suteetarako erreserba gisa ere balio du. Kokapen berriak, halaber, banaketa sareko presioak hobetzea ahalbidetzen du. Egin den esku hartzeak, gainera, alderantzizko osmosi sistema bat instalatzea ekarri du, hornitutako uraren osasun eskakizunak betetzen direla bermatzeko eta haren kalitatea hobetzeko.
Etorkizunean, Sobron zundaketatik datorren hornidura sistema handituta eta zerbitzu ematen dagoenean, osmosi tratamendua desinstalatuko da haren ordez bultzada ponpak kokatu ahal izateko, eta, horrela, sistema hori Sobrongo sistemaren ponpaketa estazio bihurtuko da Molinilla, Leziñana eta Caicedo Yusoko hiriguneetaraino.
Hoditeria obra berria, zeina andela eraikitzearekin batera egin baita, bi kanalizaziok osatzen dute; hodi bat ur gordina Fuente Molinillatik ur andel berriraino eramateko erabiliko da, eta bestea, geroagoko fase batean, Molinilla herria edateko urez hornitzeko erabiliko da, Sobrongo sistemara lotuta. Bi kanalizazioek zanga bera partekatzen dute 2.231 metro inguruko luzeran.
"Jarduera honen bidez, toki erakunde txikiei laguntzen diegu, eta Arabako Lurralde Historikoaren Ur Hornidura eta Saneamendurako Planean identifikatutako azpiegitura beharrak betetzen ari gara", gogorarazi du Amaia Barredok.
Esku hartzea 876.272,62 euroko inbertsioa izan da foru erakundearentzat.
Jarduketa hau, epe laburrean, hiri azpiegiturak berritzeko obrekin osatuko da. Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren eta Urbide Arabako Ur Partzuergoaren laguntzarekin, Leziñanako Administrazio Batzarrak gauzatuko ditu obra horiek.