Vital Fundazioak beste urrats bat eman nahi du gizarte inklusiboagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa xede duten proiektuak eta jarduerak babestu eta bultzatzeko helburuan. Horretarako, erakundeak urte bakoitzaren hasieran epe bat ezarri ohi zuen, interesa zuten elkarte eta kolektiboek laguntza-eskabidea egin zezaten. Izapideak errazteko eta aurkeztu beharreko proiektuak garatu eta ondu daitezen, Vital Fundazioak epe hori ezabatuko du, eta 2024ko 366 egunetan erantzungo die erakundearen jarduera-eremuetan arabarren bizi-kalitatea hobetzeko helburua duten eskaerei. 

“Vital Fundazioan, kalean eskatzen denari adi izatea eta gure lurraldeko elkarte eta kolektiboekin ahalik eta harreman estuena izatea gustatzen zaigu. Entzute horretatik sortu zen gure laguntza-deialdia ahalik eta gehien malgutzeko ideia, urteko egun guztietara zabalduz. Horrela, eskatzaileek beren ideiak hobeto pentsatu, garatu eta planifikatu ditzakete, eta urteko une egokienean aurkeztu, eperik eta bestelako oztoporik gabe”, Vital Fundaziotik nabarmendu dutenez. 

Laguntza-deialdian parte hartu nahi dutenek informazio osoa eskuratu eta eskaera www.fundacionvital.eus webgunean egin dezakete urtean zehar. Erakunde bakoitzak eskaera bat egin dezake urte bakoitzeko. 

Vital Fundazioaren helburua da erakundearen lehentasunezko jardun-arloetako proposamen bereziki berritzaileak babestea:

- Gizarte arloa: Pertsona guztien gizarteratzea eta berdintasuna lortzera bideratutako proiektuak eta jarduerak; mendekotasunaren eta desgaitasunaren eremuetan ahulenak diren edo premia gehien dituzten pertsonei, baita euren zaintzaileei nahiz familiei ere, laguntzeko eta aukerak eskaintzeko. 

- Hezkuntza, Enplegua: Haur, gazte eta helduen prestakuntza integrala osatuko duten gaitasunak, jarrerak eta balioak garatzeko hezkuntza-jarduerak eta -programak; bazterkeria- edo kalteberatasun-arriskuan dauden pertsonak lan-merkatuan sartzera bideratuak, lanbide-trebakuntzaren, lan-praktiken, prestakuntza-beken eta/edo ekintzailetzarekin lotutako proiektuen bidez.

- Ikerketa eta berrikuntza: Ikerketa zientifikoko eta teknikoko programak, garapena eta berrikuntza hezkuntzaren, industriaren, kulturaren, gizartearen eta abarren sektoreetan.

- Kultura, Ondarea eta Ingurumena: Ondare historiko kulturala eta ingurumenekoa sustatzeko eta mantentzeko jarduerak eta programak; kultura orokorra, aisialdia, parte-hartzea eta balio komunitarioak sustatzera bideratutako proiektu eta jarduera soziokulturalak, sortzaile berriei eta berrikuntzari, arteari eta abarri laguntzea.

Aurkeztutako proposamen guztietan, Vital Fundazioak bereziki baloratuko du proiektuaren izaera berritzailea, irtenbide berriak eta eraldaketa soziala sor ditzala; euskararen erabilera, genero-berdintasuna, gizarteratzea eta boluntariotza bultza ditzatela; bideragarritasun soziala eta ekonomikoa izan ditzala, efizientzia-irizpideekin, eta garatu beharreko jardueren jasangarritasuna berma dezala; eta Arabako erakundeek garatu ditzatela, ahal dela irabazi-asmorik gabekoak.