Arabako Foru Aldundia "ECOnsumer" europar proiektuaren buru da. Proiektu horren helburua da kontsumitzaileei prestakuntza ematea zeharkako gaitasunetan, produktuak eta zerbitzuak modu jasangarri eta arduratsuan erosi ahal izateko. Proiektuak 250.000 euroko aurrekontua du guztira, eta 2025aren amaieran bukatuko da, eskuragarri jarrita gammingean oinarritutako lineako ikastaro bat eta prestakuntza baliabideak.
Europar Batasuneko Erasmus+ Programako funtsekin finantzatutako proiektu horretan parte hartzen duten erakunde eta entitateek lehen lan bilera egin dute gaur Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatua buru izanik Foru Jauregian. Topaketa horri esker helburuak, garapen egutegia, hedapen tresnak eta ebaluazio-adierazleak eta -tresnak definitu dira.
"Kontsumoa funtsezkoa da mundu jasangarriago bateranzko eraldaketa prozesuan, kontzeptuaren zentzurik zabalenean. ECOnsumer-en helburu nagusia da kontsumitzaileak ahalduntzea, bereziki talde kalteberenetako kontsumitzaileak (diru sarrera txikiak, adinekoak, trebetasun digitalik gabeko pertsonak, etab.), trantsizio berdean rol aktiboa izan dezaten beharrezkoak diren tresnen bidez", azaldu du Cristina Gonzálezek.
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saila da proiektu horren buru, esperientzia handiko lankide batzuekin batera: Virtual Campus aholkularitza enpresa teknologikoa (Portugal); Ekopontencial ingurumen hezkuntzan diharduen fundazioa (Polonia); FHM Unibertsitatea (Alemania); Umbriako Kontsumitzaileen Batasun Nazionala (Italia); eta Media Creativa hezkuntza berrikuntzan espezializatutako enpresa (Espainia).
Proiektuaren jatorria errealitate batetik sortu da: linean kontsumitzen dutenen % 95ek adierazi dute kontsumo jasangarria nahiago dutela, eta kezka agertu dute klima aldaketari eta planetaren etorkizunari buruz, besteak beste, baina aitortu dute ez dakitela zer egin erosketa prozesuaren ingurumen inpaktua murrizteko. "ECOnsumer" programak prestakuntza hutsune hori bete eta kontsumo kontziente eta arduratsua sustatzen lagundu nahi du.
Proiektuaren garapenak bi urteko iraupena izango du, eta 2025aren amaieran bukatuko da. Horretarako, kontsumitzaileen eta kontsumoaren arloan lan egiten duten eragile publiko eta pribatu guztien eskura jarriko da, eta baliabide berritzaileak prestatuko dira, zuzenean lan egiteko, erosketa asmoaren eta benetako erosketaren arteko arrakala minimizatzeko eta erosketa ohitura jasangarriagoetaranzko benetako aldaketa errazteko helburuekin.
Prestakuntza baliabide horiek irekiak eta doakoak dira, eta 7 moduluko prestakuntza ikastaro batean zehaztuko dira, zenbait metodologia pedagogikotan oinarrituta eta kontsumitzaileak beren prestakuntza prozesuaren protagonista izatera bideratuta. Ikastaro horrek aukera emango die kontsumitzaileei erosketa jasangarriko prozesu bat ezartzeko beharrezkoak diren gaitasun eta trebetasunei buruzko prestakuntza emateko, autoebaluaziorako jarduera praktikoak eta tresnak barne hartuta.
Era berean, jarduera gamifikatuak garatuko dira, e-kontsumitzailearentzat erraz ezagut daitezkeen eta erosketa ziklo osoari lotuta dauden eszenatoki errealetan kokatuta. Halaber, erabiltzaileen eskura jarriko da aplikazio mugikorren multzo bat, erosketa zikloaren faseen arabera sailkatuta. Aplikazio horri esker, esperientzia hori jasangarriago bihur dezaketen alderdiei buruzko argibideak ematen dizkiote e-kontsumitzaileari.