Naroa Barinaga Gizarte Langintzako ikaslea da, eta Jon Gil, Medikuntzakoa. Abentura paregabea bizi izan zuten biek iazko udan. Espainiako hainbat unibertsitatetako kideekin batera, Yucatán penintsulan (Mexiko) barrena ibili ziren ia hilabete batez, «Ruta Inti: El misterio de las selvas de Kukulcán» izeneko espedizioan. Aparteko bidaia izan zen, eta guztiz barneratu ziren penintsulako kulturan eta paisaian.
Gazteentzako programa soziala eta kulturala da Inti Ibilbidea. Parte hartzaileen arteko kultura trukea sustatzea du helburu, eta bidaia garatzen den ingurune soziala aberastea. UPV/EHUko Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzak hedapen kanpaina bat egin du, ikasleek egitasmoa ezagutu dezaten. Gainera, bi ikasleen bidaiaren zati bat ordaindu du.
Kultura bat eta jende berria ezagutzeko nahiak bultzatu zituen programan izena ematera bi ikasleak, baina aurreko parte hartzaileen testigantzek areagotu egin zuten nahi hori. «Neska batek zioen familia bat topatzera zihoala, eta leku bat benetan nolakoa den ezagutzera ere bai», gogoratu du Naroak. Gauza bera gertatu zitzaion Joni. «Beste urte batzuetako esperientziak irakurri ondoren, iruditu zitzaidan dagoeneko egin ezin den bidaia mota bat egiteko aukera ematen zidala: talde handi batean eta kultura batekin elkarbizitzan», esan du.
Dena den, Yucatánera bidaiatu aurretik, hautaketa prozesu bat gainditu behar izan zuten. Hasteko, antolakuntzak proposatutako gaiei buruzko monografia bat prestatu behar izan zuten. Denbora dezente behar izan zuela adierazi du Jonek. «Nire interes arloarekin, medikuntzarekin, lotutako lan bat egin behar nuen; hortaz, maien zibilizazioa nola desagertu zen aztertu nuen». Naroak berandu samar izan zuen espedizioaren berri, baina joateko gogo handia zuzenez, «erlojuaren aurka» prestatu zuen proiektua. Popol Vuh-i (maien bibliaren antzekoa) buruzko aldizkari bat egin zuen: «Liburuko istorio bat kontatu nuen, eta maien jainkoen arabera unibertsoa nola sortu zen azaltzen zuen tutorial bat prestatu nuen».
Naroarentzat, «bidaia paregabea» izan zen bidaideei esker, interes asko partekatu baitzituen haiekin. Adibidez, Naroak betiko lagunekin inoiz eztabaidatuko ez zituzkeen hainbat hizketagai sortu ziren. Gainera, espedizioak iraun zuen 28 egunetan albo batera utzi zuten mugikorra. «Ondorioz, interes handiko pertsona oso argien burbuila bat sortu zen, eta apurtu zenean min dezente egin zuen». Zortzi kiderekin eta antolakuntzako talde batekin batera bizi izan ziren Jon eta Naroa. Jon harritu egin zen, taldea hain handia izanik ez zelako haserrealdirik sortu. Izan ere, baldintzak ez ziren onenak: «Ordu asko egiten genituen oinez, eta eltxoen ziztadekin edo zikinkeriaz beteta esnatzen ginen». Dena den, Naroaren hitzetan, «oso giro ona zegoen eta, ondorioz, denek zekiten eskura zutela besteen laguntza».