Síguenos en redes sociales:

Txagorritxuko foru egoitzak espazio komunak handitu ditu

Gorka Urtaran foru diputatuak nabarmendu du, aldi berean, zentroak bigarren solairu bat egokitu duela gabezia kognitiboak eta dementziekin lotutako jokabide sintomak dituzten adinekoen profil psikogeriatriko berrira

Txagorritxuko foru egoitzak espazio komunak handitu dituUtzitakoa

Txagorritxuko foru egoitzak amaitutzat eman ditu zentroko hainbat espazio komunetan egindako handitze eta hobekuntza lanak, egungo erabiltzaileen beharretara egokitzeko eta ematen zaien arreta "hobetzeko" eta "egoiliarren eta langileen erosotasunerako" eginak. Hala azaldu du Gorka Urtaran Gizarte Politiken foru diputatuak, zentrora hobekuntzak ezagutzeko egindako bisitan.

Gasteizko egoitza zentro hori eta bi eguneko zentro eraberritzearen helburua izan da erabiltzaileen beharrei erantzun hobea ematea, haien profila arian-arian aldatzen ari delako. Foru egoitzetan erabiltzaile independenteago batentzako espazioak proiektatu ziren hasiera batean. Gaur egun, mendekotasun maila handiago, eta, sarritan, mugikortasun urria dutenez, gurpil aulkia behar dute mugitzeko. 

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) egoitza honetako zenbait espaziok ez zuten profil berri horiek dituzten egoiliarrei erabilera egokia emateko adinako azalerarik. Hori dela-eta, eraikinaren barnealdean zenbait eraberritze lan egin dira. Zehazki, beheko, 1., 2. eta 3. solairuetako barne espazioak birbanatu dira, eta, horri esker, bost areto komun handitu dira, bakoitzari 30 m2 baino gehitxoagoko azalera gehituta. Espazio horietako guztietako leihateak ere berritu dira.

Horrela, espazio egokiagoak sortu dira egungo erabilerarako, altzarien arteko distantzia handitu egin da gurpil aulkia duten erabiltzaileen erabilera hobetzeko eta irisgarritasuna bermatzeko, erabiltzaileen arreta hobetu da, erosotasun handiagoa dago zentroan bizi direnentzat, eta argitasun handiagoa dago.

Aretoen azalera handitzeko, gela batzuk kendu behar izan dira, eta horrek 6 egoitza plaza murriztea ekarri du.

200.000 euro inguruko kostua izan duen esku-hartze hau foru zentroak eraberritzeko eta modernizatzeko planaren zati da, eta Next Generation EU funtsek finantzatuko du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Psikogeriatriako bigarren solairua

Gorka Urtaran foru diputatuak gaineratu duenez, egoitzaren azpiegitura hobetzearekin batera, orain "garrantzi handiagoko" beste esku-hartze bat egingo da, hain zuzen, "asistentzia eraldaketa, gabezia kognitiboak eta gaixotasun mentalekin eta dementzia mota desberdinekin lotutako jokabide sintomak dituzten adinekoen profil berrietara egokitzeko".

Helburu horrekin, zentroan dauden hiru solairuetako bigarrena eraldatzen ari da, profil psikogeriatriko hori duten pertsonen beharretara egokitzeko. Esku-hartze hori amaitzean, egoitzaren hiru solairuetatik bi dementzia edo narriadura kognitiboa duten adinekoei laguntzeko egokituta egongo dira.