Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak beste ConMiWiki edizio lantegi bat antolatu du, Wikimedian Arabari buruzko edukiak hobetzeko.
Iazko urritik abendura, lantegiaren lehen edizioa jarri zen abian, Mentxu Ramilo Araujok koordinatuta. Harrera ona izan zuenez, orain urtarriletik ekainera luzatu da, hileko saio batekin. Lehenengo saioa urtarrilaren 27an izango da, larunbatean, eta gaian interesa duen edonorentzat dago irekita.
Urtarrilaren 27az gain, beste larunbat hauetan ere egingo da lantegia: otsailaren 24an, martxoaren 23an, apirilaren 20an, maiatzaren 18an eta ekainaren 29an. Saioak 10:30etik 13:30era bitartean izango dira.
Wiki eta ondarea hitzaldia
Lantegi horren harira, hitzaldi bat ere egingo da otsailaren 15ean, 19:00etan: “Herramientas digitales para conservar, conocer y difundir el patrimonio alavés”.
Saio horren helburua da Arabako Foru Aldundiak, ekimen pribatuak eta adimen kolektiboak egindako tresna digital batzuk aurkeztea, hain zuzen Arabako ondare aberatsaren kontserbazioa, dokumentazioa eta zabalkundea sustatzeko tresnak.
José María Villanueva Saiz Arabako Foru Aldundiko Historia eta Arkitektura Ondarearen Zerbitzuaren buruak Arabako ondare historiko-arkitektonikoa zaintzeko garatutako ekimen digital batzuk aurkeztuko ditu.
Gorka López de Munain Artearen Historian doktore, irakasle eta ikertzaile eta Ondare Irekiaren sortzailekideak Ondare Irekia/Patrimonio Abierto proiektua aurkeztuko du, Euskal Herriko historia, artea eta kultura ikertzea ardatz duen proiektua. Humanitate Digitalen erabileraren bidez, jende orok eskura duen Arabako ondareari buruzko informazio eguneratua eta fidagarria eskaini nahi dute.
Mentxu Ramilo Araujo Politika eta Administrazio Zientzietako doktore eta Wikimedia Españako lehendakariordeak moderatuko du saioa, eta ConMiWIki aurkeztuko du, Wikimedia proiektuetan kontzejuei eta Arabako ondareari buruzko informazioa hobetzeko lankidetza proiektua.