Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Emakunderen Berdintasun Eskola aurkeztu dute, berdintasunaren arloan herritarrak sentsibilizatzea, prestatzea eta gaitzea bultzatzen duen online gunea.

www.emakunde.euskadi.eus/berdintasun-eskola helbidearen bidez, kalitatezko prestakuntza eskaintzen da, doakoa, pertsona bakoitzari egokitua, berdintasunarekin, aniztasunarekin eta feminismoarekin lotutako gaietan interesa duen publiko zabal batengana iristeko.

Nerea Melgosa sailburuak nabarmendu duenez, herritarrek, enpresek eta erakundeek gero eta interes handiagoa dute genero-ikuspegia integratuko duen prestakuntza lortzeko, eta Berdintasunerako Lege berriak garrantzi handia ematen dio prestakuntzari. "Berdintasunari buruzko prestakuntza berdintasun-politiken oinarrizko zutabea da, eta ezinbestekoa da berdintasunerantz aurrera egiteko gizarte honek behar duen balio-aldaketa bultzatzeko".

Melgosak gogorarazi duenez, legeak administrazio publikoei eskatzen die berma dezatela beren langile guztiek derrigorrezko prestakuntza jaso dezatela politikak eta programak diseinatu eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak atzeman, artatu eta babesteko. "Era berean, indarkeria matxistaren prebentzioaren eremuan lan egiten duten sektore eta eremuetako profesionalentzako prestakuntza-tresnak sustatzea". Horrela, online eskola berria "jauzi kualitatibo garrantzitsua da kalitatezko prestakuntza lortzeko".

Prestakuntza-eskaintza

Web tresna berri hau bi urte baino gehiagoko lan-prozesu baten emaitza da, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak gogorarazi duenez. "Emakundek eskaintzen zuen eskaintzaren azterketa egin da, hamarkada hauetan bultzatu diren programa zehatzen esperientzia aprobetxatuz, hala nola Nahiko, Gizonduz, Jabetuz, Emakumeak Sarean edo Jakitun". Euskadiko eta Estatuko esperientziak ere aztertu dira, eta, prozesu horren ondoren, espazio birtual, zentralizatzaile, erreferente eta estrategiko bat sortzea lortu da prestakuntzaren eta sentsibilizazioaren arloan, "Emakunderen helburuekin eta egungo arau-esparruarekin bat datorren estrategia komun batekin, eta hobekuntza eta proposamen berriekin", berretsi du Elgarrestak. "Egiaztatu dugu ez dagoela esperientzia askorik gaur martxan jartzen duguna bezalakoa".

Emakunderen Berdintasun Eskolak jasotzen duen prestakuntza-eskaintza 32 ikastarok osatzen dute, berdintasunari buruzko hainbat gairi buruzkoak. Gaien artean, berdintasunari buruzko oinarrizko ikastaro batez gain, honako gai hauei buruzko ikastaroak eskaintzen dira: ziberfeminismoa, ahalduntze feminista, genero-ikuspegia txertatzea, berdintasunean haztea, emakumeen aurkako indarkeria, berdintasunezko maskulinitateak, berdintasuna kirol-praktikan, berdintasuna osasunean, komunikazioan, ekonomia feminista, berdintasun-planak enpresetan... Nahiz eta gehienak erabilgarritasun orokorrekoak izan, batzuk publiko jakin batentzat zuzenduak daude. Horrela, berdintasun-planen ikastaroa enpresei zuzenduta dago, edo maskulinitateen, berdintasunaren eta kirol-praktikaren ikastaroa kirol-erakundeei edo -klubei. "Sortzen ari diren eskaerak kontuan hartu dira, administrazioko langileez haratago doazen publiko berriak identifikatu dira, eta metodologia eta formatu berriak proposatu dira", gogorarazi du Emakundeko zuzendariak.

Gai horiez gain, lehen zeuden prestakuntza-eskaintza batzuk ere jasotzen ditu atariak, hala nola Jabetuz programarena, indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituzten profesionalentzat (3.000 profesional baino gehiago igaro dira programa horretatik), edo Gizonduz ekimenarena, gizonak berdintasunaren alde sentsibilizatzeko eta inplikatzeko, 30.000 pertsona baino gehiago biltzen dituena.

Ikastaroak urte osoan zehar egingo dira, doakoak izango dira eta Emakundek ikastaroetan parte hartu izana egiaztatuko du.