Azken bost urteotan Familia Bitartekaritzako Zerbitzua nabarmen hazi da arreta jaso duten pertsonen kopuruan, lan egindako espedienteen kopuruan eta esku-hartzeen kopuruan. Hain zuzen, egin berri den 2023ko balantzean, arreta jaso duten pertsonen kopurua 2019an arreta jaso zutenen kopurua baino % 31,3 handiagoa da. Landutako espedienteei dagokienez, % 17ko igoera izan da, eta jardueraren garapenean egindako esku-hartzeen kopuruak % 40,4 egin du gora.
Hala, 2023. urteak berretsi egin du, pandemiaren eragina gorabehera, denboran luzatzen ari den joera. Joan den urtean, zerbitzuko bitartekari-talde profesionalak Euskal Autonomia Erkidegoko 2.447 familia artatu zituen (aurreko urtean baino ia % 10 gehiago). Gainera, 2023an, oro har, hiru lurraldeetan gora egin du jardunen kopuruak, artatutako pertsonen kopuruak eta espedienteen kopuruak.
Zerbitzu hau eskaintzen duen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak gaur, urtarrilaren 21a, Bitartekaritzaren Europako Eguna dela eta, argitaratu ditu urteko balantzearen datuak. Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearen hitzetan, “bitartekaritzak gatazkei heltzeko beste paradigma bat eskaintzen du, eta erantzun egokia ematen dio metodo alternatiboak edo metodo tradizionalen osagarri diren metodoak eskatzen dituen gizarte-eskariari. Izan ere, gure gizartearen egungo konplexutasunera egokitu daitezkeen elkarrizketa-espazioak ahalbidetzen dira”.
Zer dago zerbitzu horretan?
Gatazkak epaitegietatik kanpo konpontzeko familientzako arreta-zerbitzua da. Publikoa, borondatezkoa eta doakoa da, eta ingurune neutral batean profesional inpartzialen eta adituen esku-hartzean datza.
Zerbitzuak bitartekaritzaren arloko informazio juridikoa, psikologikoa eta soziala eskaintzen du. Era berean, familia- edo bikote-egoerari buruz hitz egiteko espazio neutrala eskaintzen du. “Bultzatzen da aldeek beren gatazkak kudeatzeko ardura har dezaten; horretarako, adostasuna bilatzen da, eta desadostasunak eta eztabaidak modu negoziatu eta baketsuan ebazten dira. Solasaldi kooperatiboa sortzen duten hitza eta gogoeta-prozesu partekatuak dira tresna nagusia”, adierazi du Amilibiak. Helburua da komunikazioa eta familia-gatazken konponbidea erraztea, adostutako akordioak bultzatzearen bidetik, eta, hartara, kostu emozionalak eta denborak minimizatzea eta familia-harremanak judizializa daitezen saihestea.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen duen zerbitzu hori erabili ahal izateko, aldez aurretik hitzordua adostu beharko da telefono hauen bidez: 943 576 208 (Gipuzkoa), 945 171 125 (Araba) eta 944 277 788 (Bizkaia).
Familia-bitartekariek osatutako taldea diziplinartekoa da arlo sozialean, psikologikoan eta juridikoan.
2023ko datuak
Joan den urteari dagokionez, 2023an artatutako pertsonen kopurua % 11,3 igo zen aurreko urtearekin alderatuta. Guztira 16.140 pertsona artatu ziren (10.282 emakume eta 5.858 gizon).
Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak 21.367 esku-hartze egin zituen (12.502 Bizkaian, 3.454 Araban eta 5.411 Gipuzkoan), eta datu hori 2022. urtekoa baino % 17,2 handiagoa da.
Guztira 2.447 espediente ireki ziren, eta, beraz, 2.447 familiarekin zuzenean lan egin zen. Datu horrek agerian uzten du % 9,7 hazi dela artatutako pertsonen kopurua, 2022. urtearekin alderatuta.
Gatazken tipologiari dagokionez, joan den urtean Familia Bitartekaritzako Zerbitzura jo zuten familien % 86,7k bikotea haustearen inguruko gaiak konpontzea zuten helburu, eta % 13,3k beste familia-gatazka batzuk.
Horrez gain, eta ohikoa denez, eutsi egiten zaio akordioan amaitutako bitartekaritza-prozesuen ehuneko altuari, 2022an % 82,3 izan ziren —2021. urteko ehunekoa baino % 8,1 handiagoa—.
Nabarmendu behar da Tolosako egoitzan (2020an ireki zen) gora egiten jarraitzen duela bitartekaritzan artatutako familien kopuruak (aurre-bitartekaritza eta bitartekaritza-prozesuetan); izatez, 2022. urteko 35 espedientetatik 53 espedientetara pasa da.