Laster irekiko ditu ateak Jose Erbina kalean Udaltzaingoak izango dituen bulegoen eraikin berriak.

Egoitzak 700 metro koadro baino gehiagoko eraikitako azalera eta hiru solairu ditu. Horietan kokatu dituzte Herritarrei Arreta emateko eremua (salaketak jasotzeko eta poliziaren administrazio-izapideak egiteko), Kudeaketa eta Plangintza Unitatea eta Administrazio Poliziaren atala. Hurrengo astean, urtarrilaren 18ra arte, egingo da hemendik aurrera beren funtzioak egoitza berrian beteko dituzten langile gehienen lekualdaketa. Azkenik, urtarrilaren 23tik aurrera, polizia-etxea izango da salaketak jarri ahal izateko toki berria.

Polizia-egoitza berria jasoko duen eraikina birmoldatu ahal izateko, egokitzapen-lan ugaritan 500.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin da. Barneko guneak berriro banatu eta bulego, aldagela, armairu eta zerbitzu osagarriak egokitu dituzte. Kanpoaldean, ate eta leiho berriak, eskalatu ezin diren itxiturak eta segurtasuneko kristalak jarri dituzte. Lanak amaitutakoan, eraikineko ekipamenduarekin lotutako lanak egin dituzte eta lan horiek aste honetan bertan amaitu dituzte fatxadaren kanpoko errotulazioarekin.

“Segurtasunarekin lotuta gobernuaren konpromisoetako bat da gero eta gertukoagoa eta kalitate handiagokoa den zerbitzua eskaintzea. Eta helburu hori gogoan ireki dugu Gasteizko erdigunean egoitza berria. Polizia-etxe honi esker, inguruan sortzen diren beharren aurrean udaltzainen erantzuteko denborak hobetu egingo ditugu, eta herritarrek egin beharreko kudeaketa-lanak erraztu”, adierazi du Segurtasuneko zinegotziak, Iñaki Gurtubaik.

20 langile baino gehixeago egongo dira egoitza berrian eta, horri esker, aldi berean, Agirrelandako bulego nagusietako espazioa liberatuko da, eta, ondorioz, han dauden polizia-unitateen lan-baldintzak hobetu.