Azken urteotan, min kronikoa lehen mailako osasun arazo bihurtu da, baliabide ekonomiko ugari kontsumitu eta jasaten duten pertsonengan desgaitasuna areagotzen baitu. Ezagutza berriei esker, minari beste modu batean heldu ahal zaio, eta funtsezko zeregina du eragindako pertsona minaren neurobiologian hezteak. Ikuspegi berri hori ezagutzera emateko asmoz, Iñaki Aguirrezabalek, gaur egun Lehen Mailako Arretan mina tratatzeko Aurre Egite Aktiboko Unitatean lanean ari den familia medikuak, hitzaldia emango du Etxean Bai plan pilotuaren barruan, Arabako Foru Aldundiak sustatu eta Arabako Gurutze Gorriak kudeatua.

Etxean Bai planaren helburua da pertsonei beren etxeetan arreta ematea, behar duten laguntzarekin, ahalik eta denbora gehien, eta egoitza batean sartzea atzeratzea. 2. eta 3. graduko mendekotasuna duten pertsonentzako da, adinekoentzat zein desgaitasuna edo osasun mentaleko arazoak dituztenentzat, baldin eta minarekin bizi ohi badira. Agirrezabalek minaren ikuspegi berri hori aurkeztuko du. Nerbio sistemak eta garunak funtsezko zeregina dute horretan, eta programari heltzen dioten pertsonen bizitza hobetzera bideratuta dago, bai eta familia zaintzaileena eta, oro har, publikoarena ere. 

Iñaki Aguirrezabal min kronikoari aurre egiteko erreferente bat da estatu mailan, eta oso dibulgazio lan garrantzitsua egiten du minaren kontzeptualizazio berri horri buruz, Nerbio Sistema Zentrala eta, bereziki, garuna mezuaren erdigunean jartzen baitu. Hona hemen garatu ohi dituen kontzeptuak: mina ez da kaltea; mina (beste edozein pertzepzio bezala) garunean sortzen da; garunak mehatxuaren balorazioari erantzuten dio, ez egoera errealari; garunak mina sortzen du ehunen mehatxuaren balorazioan oinarrituta, eta ez ehunen benetako egoeran; garunak, besteak beste, sistema nozizeptibotik lortzen duen informazioa behar du; garunak mehatxu egoerak ikasi behar ditu, eta, beraz, mina ere ikasi egiten da (minaren memoriak).

HITZALDIA: "RECONCEPTUALIZANDO EL DOLOR"

Eguna: 2024ko urtarrilaren 10a, 17:00etan

Tokia: Salburuko gizarte etxea

Hizlaria: Iñaki Aguirrezabal, familia medikua, gaur egun lanean ari da minari modu aktiboan aurre egiteko unitatean Gasteizen

Sarrera doan izango da, edukiera osatu arte.