Arabako Diputatu Nagusia, gaur goizean Batzar Nagusietan foru-diputatuen agerraldi-txanda irekitzeaz arduratu da, 2024rako Arabako Lurralde Historikoaren Aurrekontuei buruzko Foru Arauaren proiektuaren berri emateko. Ramiro Gonzálezek bere sailerako aurreikusitako aurrekontuko partidak zehaztu ditu, eta Arabarako proiektu estrategiko eta eraldatzaile batzuk nabarmendu ditu. Besteak beste EDA ardoaren bikaintasun-zentroa aipatu du, zeinari 6 milioi euro esleitu baitzaizkio hiru urtean eta lehen promozioko ikasleak jasotzea aurreikusten duena 2026-2027 ikasturtean; horrez gain, Diputatu Nagusiak ere Antzoki Nagusiaren erreforma aipatu du, 2024rako 1.775.000 euroko partida eta 2025erako beste partida bera izango duena. Era berean, Laudioko Udalarekin bertan antzokia eraikitzeko aurrekontu-konpromisoarekin jarraituko da, 650.000 euroren bidez. Konpromiso honek, behin betiko betetzen du udalerria diziplina anitzeko kulturarako gune batez hornitzeko hitzarmena.
"Aurrekontu-proiektu honek Lurraldeko proiektu estrategikoen garapena bermatzen du. Eta, era berean, kalitatezko gure zerbitzu publikoak mantentzea eta hobetzea bermatzen du, hori guztia pertsonak babestuz ", adierazi du Ramiro Gonzálezek bere hitzaldian; gainera, Diputatu Nagusiak azpimarratu duenez, kontu hauen helburua "pertsonei arreta ematea” da, “batez ere zailtasun handienak dituzten pertsonei. Halaber, gure sare ekonomikoari lagundu nahi diote, bere indarra sendotzeko. Eta, era berean, planeta zaintzeko konpromisoa hartzen jarraitu nahi dute. Azken batean, asmo handiko aurrekontuak, historiako altuenak, Lurraldearen erronka handiei aurre egiten dietenak " direlako.
Zehatzago, Diputatu Nagusiaren sailak, 1. kapitulua kontuan hartu gabe, 9.891.540 euroko aurrekontua izango du 2024rako. Kopuru hau ez da aurreko ekitaldietan bezain handia, sail honek ez baititu zuzenean bere gain hartzen Berdintasunaren eta Giza Eskubideen arloko politikak, ez eta Euskara eta Gobernu Irekiaren arlokoak ere. Halaber, 2023ko aurrekontuan Diputatu Nagusiaren sailetik zintzilikatzen ziren proiektu batzuk dagoeneko hauek gauzatzeko eskumena duten sailetara pasa dira. "Arlo Estrategiko eta Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzei dagokien 2024ko aurrekontu-proiektuaren helburua, Arabako Foru Aldundiaren gobernu-ekintza, politika publikoen inplementazio koordinatua eta ikuspegi estrategikoaren sustapena gauzatzea da. Helburua, hortaz, Lurralde Historikoak etorkizuneko erronkei aurre egiteko duen gaitasuna indartzea da, hausnarketa eta kudeaketa estrategikoa sustatuz lankidetza publiko-pribatua sustatuko duen gobernantza-eredu batetik ", adierazi du Diputatu Nagusiak Arabako Batzar Nagusietan.
EDA, Gasteizko Antzokia eta Laudioko Antzokiaren aurrekontu partidez gain, Arabako Foru Aldundiarentzako zibersegurtasun-plana nabarmendu behar da, hurrengo urteetan, 1.270.000 euroko konpromiso-kredituak izango dituena.
Ramiro Gonzálezek Talent Atraction programa ere aipatu du. Programa honek 50.000 euroko zuzkidura du, eta, zehazki, Araban kualifikazio eta esperientzia handia duten eta Lurraldetik kanpo bizi eta lan egiten duten profesionalak instalatu, egokitu eta integratzeko ekintzak abiarazi nahi ditu. Ramiro Gonzálezek nabarmendu duen beste partida bat, 250.000 eurokoa, Garapen Jasangarrirako Arabako Aliantzaren bidez Aldundiak 2030 Agendarekin duen konpromisoa indartzera bideratu da, GJH bakoitzean sortutako lantaldeetatik sortutako ekimenak eta proposamenak gauzatzearen bidez. Azkenik, Diputatu Nagusiak beste partida batzuk aipatu ditu, hala nola 600.000 euroko aurrekontua duten kirol eta kultur ekitaldiei buruzkoa, eta zenbait kirol-talderekin sinatutako babesletza-kontratuak.