Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko ezkontzen guztizko kopurua 7.807 izan zen 2022. urtean, hau da, 2021ean baino % 21,5 handiagoa. Euskal AEn bizi diren sexu desberdineko pertsonen arteko ezkontzak 7.556 izan ziren, hau da, aurreko urtean baino 1.395 ezkontza gehiago.

Datuak 2019. urtearekin alderatuz gero, ezkontzen kopuruak % 4,5eko igoera izan zuen 2022an, eta 2020ko (hots, COVID-19aren pandemia hasi zen urteko) ezkontzen bikoitzak izan ziren ia.

Euskal AEko ezkontza-tasa mila biztanleko 3,3 ezkontzakoa izan zen, hau da, Espainiakoa baino handiagoa eta Europar Batasunekoa baino txikiagoa da (‰ 3,1 eta ‰ 3,9), bi kasuetan 2021eko datuak kontuan hartuta (eskuragarri dauden azkenak).

Sexu desberdineko bikoteen kasuan, ezkontza-adina oso gutxi aldatu zen 2022an 2021. urtearekin alderatuta. Izan ere, Euskal AEn bizi diren gizon ezkongabeak 38,7 urterekin ezkondu ziren batez beste, eta Euskal AEn bizi diren emakumeak, berriz, 36,7 urterekin. 2021. urtean, 38,8 eta 36,6 urterekin ezkondu ziren, hurrenez hurren.

2019. urtearekin alderatuta, ezkongabeen batez besteko ezkontza-adinak gora egin zuen. Izan ere, urte horretan gizonen eta emakumeen ezkontza-adinak 37,7 eta 35,7 urte izan ziren, hurrenez hurren. Bi ezkontideen adinen arteko aldeak egonkor jarraitu zuen, eta 2 urte ingurukoa izan zen.

Sexu desberdineko pertsonen arteko ezkontzetan, 2022an behera egin zuen ezkontide dibortziatuen kopuruak. Aurretik dibortziatutako senar eta emazteen ehunekoa % 16,2koa eta % 15,4ekoa izan zen, hurrenez hurren. Balio horiek 2021ekoak baino txikiagoak izan ziren (%16,3 eta % 16,8, hurrenez hurren).

2022. urtean, Euskal AEko ezkontza guztietatik, 251 sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak izan ziren, hau da, 2021ean baino % 5,6 gutxiago (266 urte horretan) eta 2020an baino % 71,9 gehiago. 2012. urteaz geroztik, emakumeen arteko ezkontzak gizonen artekoak baino gehiago izan dira, eta, azken urtean, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen % 70 izan ziren.

2022. urtean, sexu bereko bikoteen ezkontzen kasuan, Euskal AEn bizi diren gizon ezkongabeak 42,5 urterekin ezkondu ziren batez beste, eta emakumeak, berriz, 38,6 urterekin. Bikote horietan, aurretik dibortziatutako gizonen ehunekoa % 9,9koa izan zen, eta emakumeena, berriz, % 8,1ekoa.

Ezkontza zibilak ezkontza guztien % 89,9 izan ziren, baina ehuneko hori % 0,7 jaitsi zen 2021ekoarekin alderatuta. 1992. urtean, ezkontza zibilak ezkontza guztien % 24,3 baino ez ziren.

Bizilekuari dagokionez, senar-emazteen % 95,5 Euskal AEn finkatu ziren, eta % 4,5, berriz, Euskal AEtik kanpo. Azken horien helmuga nagusiak honako hauek izan ziren: Kantabria (70), Madril (52), Nafarroa (34) eta Burgos (26).

Ezkontza zibilen kopurua nabarmen handitu izanaren eta 2009. urteaz geroztik ezkontza zibilen ia erdiak ostiralean egin izanaren, eta, horren ondorioz, ezkontza erlijiosoen kopuruak behera egin izanaren ondorioz, 2017. urteaz geroztik ostiraletan larunbatetan baino ezkontza gehiago egin dira Euskal AEn. 2022. urtean, ostiralean egindako ezkontzak % 45,4 izan ziren, eta larunbatean egindakoak, berriz, % 33,4.