Eustatek landutako datuen arabera, 2022. urtean Euskal AEko 16 urteko edo gehiagoko pertsonen % 63,5ek (hau da, 1.193.366 pertsonak) derrigorrezko hezkuntza gainditu dute eta goi-mailako bigarren hezkuntza gisa edo goi-mailako hezkuntza gisa sailkatutako prestakuntza-maila lortu dute. Beraz, ehuneko 1,2 puntuko igoera gertatu da 2021. urtearekin alderatuta; urte hartan, 1.168.748 pertsona izan ziren.

Hezkuntzaren Sailkapen Nazionala (CNED-A) oinarritzat hartuta, lortutako ikasketen lehen taldea bigarren hezkuntzako lehen etapa edo hortik beherakoa da, zeina beheko mailetatik hasi eta oinarrizko eta derrigorrezko ikasketetaraino iristen baita. Talde horretan, 16 urteko eta gehiagoko biztanleen % 36,5 daude sailkatuta, eta portzentaje horrek ehuneko 1,2 puntuko beherakada izan du 2021. urtearekin alderatuta. Talde horren barruan, honako hauek daude sartuta: lehen mailako ikasketak amaitu ez dituzten pertsonak (% 1,7), lehen hezkuntzako ikasketak egin dituzten pertsonak (% 10,7) eta bigarren hezkuntzako lehen etapako ikasketak (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko, Oinarrizko Batxilergoko eta abarretako tituluen baliokideak) eta lanbide-irakaskuntza batzuk egin dituzten pertsonak (% 24,1).

Bigarren taldea bigarren hezkuntzari eta goi-mailakoa ez den bigarren hezkuntzaren ondoko mailari dagokiena da, eta 16 urteko eta gehiagoko biztanleen % 20,3 biltzen ditu, hau da, 2021ean baino 0,3 puntu gehiago. Maila horrek batxilergoak eta haren aldaerak eta oinarrizko eta erdi-mailako lanbide-irakaskuntzak biltzen ditu. Hirugarren taldea goi-mailako hezkuntzari dagokiona da, eta biztanleen % 43,2 biltzen ditu; beraz, 0,9 puntuko igoera izan du aurreko urtearekin alderatuta. Talde horren barruan, % 15,5ek goi-mailako lanbide-heziketa egin dute (291.103 pertsonak).

Alde txikiak daude prestakuntza-mailan lurralde historikoen artean, eta handiagoak eskualdeetan

Lurralde historikoen artean, portzentaje-alde txikiak agertu dira 16 urteko edo gehiagoko biztanleek lortutako prestakuntza-mailari dagokionez. Arabaren kasuan, handiagoa da bigarren hezkuntzako lehen etapari edo hortik beherakoari dagokion A taldeko prestakuntza-maila duten pertsonen proportzioa, eta % 37,4ra iritsi da. Bizkaian, berriz, % 36,8koa izan da, eta Gipuzkoan % 35,6koa. Arabak du, halaber, bigarren hezkuntzako bigarren etapari eta goi-mailakoa ez den bigarren hezkuntzaren ondoko mailari dagokien B taldeko prestakuntza-maila duten pertsonen proportziorik handiena, eta % 21,5era iritsi da. Gipuzkoan, berriz, proportzio hori % 20,7koa izan da, eta Bizkaian % 19,8koa. Goi-mailako ikasketei dagokien C taldeko prestakuntza-maila duten pertsonen proportziorik handiena, berriz, Gipuzkoak izan du (% 43,7). Bizkaian, proportzio hori % 43,4ra iritsi da, eta Araban % 41,1era.